kultura anglosaxoiaren mende?
... estatu etnozidaren filosofia politikoak, gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak birrintzeko joera berezkoa baldin badu, zer ote dakarkigu globalizazioaren tsunamiak? Globalizazioaren kudeaketa estatu nazional hegemonikoen eskuetan dagoela kontuan hartuta, batik bat eta bereziki kultura anglosaxoiaren mendeko, globalizazioaren auzi hau ez ote da aspaldiko logika inperialista baten halabeharrezko patua? Globalizazioaren tsunamia ez ote da, nolabait esateko, nazio anitzeko estatu etnokratiko hegemonikoen berezko jarraipen historikoaren fruitua? Horrela baldin bada, etnozidioaren epizentroa hedatu egin da: lehen estatu hedakorraren ardatzean bakarrik hedatzen zena, orain mundu mailako indar global bat ere bada.
Dakusagunez, kapitalismoaren estatu-garapenak bere mugaz gaindi hedatu ditu garroak. Estatu hedakorraren berezko garapenari mundializazioa etorri zaio atzetik. Joera “hedakorra”: horra, bada, estatu hegemonikoena ez ezik globalizazioaren barne-joera irudikatzeko hitz gakoa. Jatorrizko hizkuntzak, kulturak eta herriak errotik erausteko eta hiltzeko barne-joera bataren zein bestearen barne-logikan atzeman dezakegu. Diagnosiak ez du akats nabarmenik,guk dakigula: lehenik hedatu, bereaz gaindi dauden etnia eta nazio-lurraldeak mendean hartu, eta hedatu eta azpiratu ahala, jakina, herrian herriko izaera-modu diferenteak eta bestelakoak suntsitu.
Joxe Manuel Odriozola. Estatu etnozidaren kontra. 2011
Iruzkinak
Utzi iruzkina: