Hiru teak
Basamortukoen izaerari, errotik bertatik, atxiki zaion ezaugarririk naturalena, abegikorra izatea da. Datorrenari, ibiltariari, kanpokoari, iritsi berriari... ongi etorririk beroena eskaintzera beharturik baitaude.
Horrelaxe agintzen die, mortu zaharreko legeak, arbasoengandik, belaunaldiz-belaunaldi jasoriko ohiturak...
Beraz, senak agintzen dion eran, tamahak-ak, bere eremu hitsean oina jartzen duzunerako, prest izango ditu hiru teak;
Lehenengoa, bizitza bezain garratza.
Bigarrena, maitasuna bezain gozoa.
Hirugarrena heriotza bezain leuna.
Erritual honen ondoren, “tanemert”
esaten badiozu, irribarrea loratuko zaio begietan tuaregari. Begietan
diot, ezpainak ondo estaliak izango baititu bere “cheche” edo
zapiaren atzean. Ez gaur, ez bihar, ez etzi, ez dizu bere belopeko
sekretua erakutsiko.
Eroso sentitzen denean baino ez da zure
aurrean biluztuko.