Azeri zaharren jostailu

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2014-02-07 17:34

Marien Hassan (Mendebaldeko Saharako abeslaria)

 

 

Soka oinazezkoz lotu du emakumearen bihotza munstroak, eta ito bere izate osoa.

Azeri zaharren jostailu den gerra gorriak, zulatu ditu haragi leunak, erdibitu bularrak, kolpatu irribarreak, lardaskatu sabel guriak. 

Azawaden, edo Sirian, edo Kongon, edo Sudanen, edo Mendebaldeko Saharan, edo...  emakumeari tu. Landarea zimeldu.

Hautsi dira amaren ferekak, arrebaren hasperenak, amonaren ipuin zaharrak,... Galdu ahizparen goizaldeko kafe usaina, alabaren koloreetako printzesadun margolana.

Sutan kiskali dira emankorren ametsak, altzoak. Profanatu dituzte, armez, maitasun jolasak. Ubeldurez josi marrubizko tartak, belztu txokoetako xuxurlak, kirastu umeentzako sehaska kantak.

Birrindu du koldarkeriak emakumea, eta ezereztu besoetan, ondo babesturik zeraman etorkizuneko udaberria.

 

 

 

 


Utzi iruzkina: