Athmane BALI
Basamortuari magia dario, basamortuak magia usaina du eta magikoak dira, basamortuko koloreak.
Basamortua, aldi berean, bildurgarria da.
Bere haitz soil, duna gorri, harri higatu, hare sail etengabeak, zirrikitu ilunak... bizkarra erakusten diote edozein biziduni, eta ikaratu.
Ez oro haatik.
Ez, ezagutzen duena.
Ez, belaunaldiz-belaunaldi, bere magalean, atzera-aurrera ibili duena.
Ez, tuareg-a.
Eta horregatik, kel-tamahack-a (tuareg-a), babestu eta zaindu izan du "tenere"-k, basamortu lagun zaharrak.
Eta bere joan-etorri horretan, zenbat abesti! zenbat olerki! zenbat ipuin! zenbat irribarre eta negar malko!... Haizeak jaso eta munduko bazter guztietara hedatu dituenak.
Athmane Bali, Djaneteko targi-a, basamortuko eta basamortuaren abeslari nekaezina. Bihotza ezezik, gorputza ere lapurtu zizun "tenere"-k...
Agian, gehiegi maite zintuen...
Agian, jeloskor jarri zenuen...
Hain izan zinen mirestua...
ZENBAT TXALO!
ZENBAT UNE GOXO!
Eta basamortua, hain bakarrik... zu gabe.