Adardunak
Asko ugaritu dira, azken bolada honetan sugeak, Sahara basamortuan.
Itsaso Gorriaren ertzetan hasi, Mediterraneo bazterrak igaro, eta Ozeano Atlantikoraino... haziz, lodituz, ugalduz doaz, etenik gabe, izurrite beldurgarri bilakatu arteraino. Adardunak, sugegorriak, suge beltzak... dabiltza hara eta hona, gorputzak arrastaka, mingainak txistuka, hondarrezko, eta harrizko paisaia abaildu, torturatuetan barrena.
Gauetan, amets gaiztoetan galduta dauden haurrengana hurbiltzen dira, gorpuztxo dardartien berotasunak erakarrita. Euren baitan kiribildu, eta lo zerraldo gelditzen dira, narrasti deabruok, haurren ile urdin kizkurrei itsatsita.
Putzuetan igeri, akazien adarretatik zintzilik, haitz higatu, zigortuekin nahasturik... eremu gorriotako jaun garaiezinak dira.
Begi zuloa baino ez diren parajeotako emakumeak limurtzea maite dute gehien, piztiok. Izter, haragi, bular, masail, alu, ezpain... guriak ferekatzea. Gau beltzaren gaizkide... isiltasunaren lagun.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: