Aberririk gabeen prozesio amaigabea
Abdallah ag Oumbadougou, gitarra-jole tuarega, Agadez-etik (Niger) hurbil dagoen, Tchimoumoueneme herrixkan jaio zen, 1962an. Bere lehenengo gitarra 16 urterekin erosi, eta, inoren laguntzarik gabe ikasi zuen jotzen.
70. eta 80. hamarkadak, bi gertaera aipagarriri lotzen zaizkio tuaregen historian, batetik, lehorte izugarri bati, bestetik, Mali eta Nigerren, tuaregek, jasan behar izan zuten, marjinazio gero eta nabarmenagoari. Honek, “ishumar” edo tuareg gazteen erbesteratzea eragin zuen, bizimodu hobeago baten bila, Aljeria, edota Libiara alde egin zutelarik, batez ere.
Abdallah, bere lagunetariko birekin, erbesteratu horietakoa dugu, 1984an Aljeriara alde egin baitzuten.
Bidaia ez da xamurra, Arlit basamortua zeharkatu behar dute Tamanrasset-era iristeko, oinez, klandestinitatean. 27 egun beharko dituzte, eta egarriz hiltzeko zorian izan ziren.
Behin Tamanrasset-en, Abdallah-k lana aurkitu, eta gitarra jotzen jarraitu zuen, lagunentzat bederen. Zazpi hilabeteren ondotik, baina, poliziak atxilotu, Nigerrera bueltan eraman, eta kartzelatua izan zen.
Askatasuna lortu orduko alde egin zuen Abdallah-k, Libiako mugatik gertu dagoen Djanet-era., oraingoan.
1986an, Mouamar Kadhafi-ren instrukzio-zelai batera iritsi, eta nahikoa izan zuen 45 eguneko formazioa, Libian onartua izateko. Instrukzio-zelai honetan sortu zuen bere lehenengo musika taldea, “Takrist n'Akal” (herria eraiki), tuareg herriaren bateratzeari dei eginez.
1987an, Libian erbesteratuen amnistiaren promesaren ondotik, Nigerrera bueltatu zen, baina, bere musika taldearekin kontzertu bat eskaintzen ari zela,taldekide denak atxilotu zituzten, eta, Abdallah kartzelatu egin zuten berriz, 21 egun eman zituen ziegan oraingoan.
Atera orduko, Libiara bueltatu zen... berriro.