Trikiti doinua eta beroa protagonista Oñatin
Pasa den apirilaren 26an ospatu da laugarren aldiz Debagoieneko Trikiti Eguna. Trikitilari gazteak animatzeko asmoz antolatu da Oñatin egun hau, aurreko urteetan Arrasate, Aretxabaleta eta Bergaran izan den jende mordoa kontutan hartuta, aurten ere ez zen trikitizale gutxiago espero.
Eguraldia lagun, 300 trikitilaritik gora batu ziren bertan, goizean, hamaiketakoarekin hasiera emateko. Batzuk soinua, besteak panderoa edota kriskitinak esku artean hartu eta kalejirari eman zioten hasiera. Trikiti Eskola bakoitzak ibilbide ezberdina egin zuen Oñatiko kaleetan zehar, herriko bazter guztiak alaitzeko.
Kalejiraren ondoren, ikasle gazteek oholtza gainean urtean zehar ikasitakoa erakusteko beta izan zuten, eskola bakoitzetik bi kantu. Batzuk urduri, besteak lasaiago, eguerdiko hamabi eta erdietan eman zitzaion hasiera ikuskizunari. Soinujole gazteez gain, herriko beterano eta inguruko trikitilariak ere igo ziren pieza pare bat eskaintzera; hauen artean Oñatiko trikitilaririk zaharrena omendu zuten.
Eguna aurrera, eta bazkaltzeko garaia iritsi zenean, haur eta guraso, denak kiroldegian elkartu ziren; hango bero eta egarria asetzeko gogoz, gustura zeuden babesean.
Tripa bete ostean nahi zuenak kalejiran segi zezakeen eguna; tabernari eta herritarrak bazkalondoreneko festaren zain zeuden, eta horrez gain Trikizio taldea ere aritu zen plazan, eguraldiaz gozatzeko aukera ere eman zuen talde zegamarrak.
Trikitilariak Oñatiko elkartean bildu ziren berriro afaltzeko; hemendik aurrerakoa bakoitzari galdetu behar, eta erantzuten ere nahikoa lan batzuek. Egun zoragarria bertara bildu zirenentzat, eguraldi paregabea, jan eta edatekoa, eta trikitiaren doinua egun osoan zehar. Datorren urtean Antzuolan ospatuko da trikitizaleentzat hain ederra den eguna.
Oñati map
Iruzkinak
Utzi iruzkina: