Elkarrizketa - Ines Osinaga
1982an
jaio zen Arrasaten. Naiararekin sortu zuen hainbat txapel lortzeko bide izan
duen bikotea, 15 urterekin grabatu zuten maketa; beranduago (17 urte), Ekon
taldean abeslari gisa aritu zen, eta egun hain ezagun egin den Gose
taldeko abeslari eta trikitilaria da.
Niretzat
trikitia berba egiteko beste modu bat da, oso lotuta dudan zerbait; ez
dago ezer bizitzan trikitixa baino momentu on gehiago eman didanik. Horrez
gain, nire lan tresna ere bada, baina ez dut lan tresna moduan ikusten,
komunikatzeko tresna gisa baizik.
2.-
Nondik sortu zitzaizun trikitirako afizioa (lagunak, familia, … )?
Trikitixa
jotzen kasualitatez hasi nintzen; ez nuen panderoa jotzen zuen amamarik, ez eta
soinua jotzen zuen aitonarik ere. Aitari esan nionean trikitia jotzen ikasten
hastea nahi nuela esan zidan “triki… zer?”; eta banituen bi lagun (ahizpak)
soinua eta panderoa jotzen zutenak, eta neu ere panderoa ikastera animatu
nintzen. Garai hartan soinu handia jotzen nuen: handia, klasikoa, asko pisatzen
zuen, oso zaila zen ikasteko, eta aspergarria zen, eta egun batean deskubritu
nuen trikitia, ezagutu nuen Maixa (Maixa eta Ixiar) eta gaur arte.
3.-
Hainbeste entzuten den trikitiaren gainbehera benetakoa dela iruditzen zaizu?
Ez
dakit, ez dut trikitixaren gaia zehatz-mehatz segitzen eta ez dakit. Egia esan,
soinua ikasten hasi nintzen arte ez nekien ia soinu txikia zer zen ere. Horrez
gain, ez naiz oso trikitizalea den herri batekoa, ez naiz, adibidez, Azpeiti
edo Azkoitikoa; herri horietan lehen ere baziren soinujole handiak, baina Arrasaten
ez. Hortaz, nik ez dut ikusi ez hainbeste entzun izan dugun boom hori, ez eta
gainbehera hori ere. Nik dakidana da gaur egun gure herrian ikasle asko
dagoela, eta kopurua ez doala behera, gora baizik. Trikitixa aldatu egin dela?
Dudarik ez; gizartea aldatu den moduan, noski. Nik uste dut edozein elementu
kultural gizartearekin batera aldatu behar dela. Gainbehera izan dela? Agian
geroz eta erromeri gutxiago dago, baina ziurrenik tabernetan geroz eta trikiti
gehiago entzun daiteke, edo geroz eta gazte gehiagok jotzen du soinu txikia,
edo geroz eta jende gehiagok daki zer den trikitia, edo interneten leku asko
ikus dezakegu trikitiari buruzko zer edo zer azaltzen dena, horrek soinuaren
osasun onari buruz esaten du zerbait. Nik uste dut gizartearekin batera aldatzen
ari dela, eta hala ez balitz galdu egingo litzatekeela.
4.-
Egun, trikiti tradizionalak edo modernoak du pisu gehiago?
Zer da
trikitixa tradizionala eta zer modernoa? Trikitixa modernoa trikitixa da, edo
jada ez da trikitixa? Pisu gehiago? Bada… lekuaren arabera. Bi etxe, eliza eta
frontoia dituen internet gabeko herri txiki batean tradizionalak izango du pisu
gehiago; baina galde iezaiozu hori bilbotar bati. Egungo gizartea zer da,
tradizionala edo modernoa? Askotan esaten da trikitiak egun ez duela osasun
onik, jendeak ez duelako dantzarik egiten, ez dagoelako erromeriarako lehengoko
grina hori, jendeak ez duelako dantzarik egin nahi. Agian ez da trikitiaren
arazoa, jendearen dantzarako grinaren arazoa baizik. Herritarrek ez badute
dantzarik egin nahi, ez dezatela egin. Uste dut soinu txikiak ez duela behar
inongo faboritismo traturik, eta horrelako bitrina batean jarri eta museora
eraman… ez, ez; trikitia bizirik dago; eta bizirik mantenduko da guk nahi dugun
arte. Eta bidean inon geratzen bada… ba hori izango da bere patua.
Teknologiaren aurrerakuntza ere hor dago; nahiz eta musika tradizionalak agian
gainbehera izan interneti esker ezagutzen dugu musika asko, ez da musika
tradizional purua eta ez dakit on edo kalte egiten dion baina hori da bilakaera.
Gaur egun, adibidez, Brasilgo musika inoiz baino gehiago entzuten da, edonon;
ez da musika purua, baina ezagutzen dugu. Euskal Herritik kanpo ezagutzen dena
trikitixa den edo ez? Hori jada norberaren esku dago.
5.-
Zer deritzozu trikiti txapelketaz?
Gai
horri buruz aldeko eta aurkako iritzia dut, ez naiz ados jartzen. Niretzat,
pertsonalki, baliagarriak izan ziren, nire buruari jartzen nion erronka zen
txapelketa bakoitza; hobetzeko izan zitzaizkidan baliagarri. Hori bai, aspertu
nintzenean alde batera utzi nituen, norberaren erabakia baita txapelketa batean
parte hartzea. Baina ez dut oso argi noren onerako diren txapelketak; nire
ustez egokiak dira, edo on egiten die, trikitixa ikasten ari diren ikasleei edo
trikitilariei, baina ez trikitia berari. Orain Trikitixa Txapelketa Nagusia
antolatuko balitz txapeldun aterako zatekeenari on egingo ziokeen, baita
finalera iritsitako zortzi trikitilari bikoteei ere. Baina txapelketa batean
kontuan hartzen diren elementuekin ez nago guztiz ados; zeinek azkarrago eta
fuerteago jo kontuan hartzea ez zait egokia iruditzen. Baina txapelketak
horrelakoak dira, ados ez dagoena ez dadila joan. Nire ustez txapelketak
trikitilarien onerako dira, baina ez soinu txikiarentzat. Trikitiak ez du
txapelketarik behar, ez du gu bera salbatzera joaterik behar. Hori bai,
irakasle naizen aldetik, ondo datorkit nire ikasleek txapelketetan parte
hartzea, beraiei ondo baldin badatorkie. Adibidez, garai batean EITBk
antolatzen zuen Pieza Berrien Trikiti Txapelketan trikitilariek beren pieza
egitea zuten erronka nagusi, eta hori beti iruditu izan zait positiboa dela.
Baina hor ere baziren ika-mikak: “Zer da trikitixa eta zer ez?”, “Zer da
tradizionala eta zer modernoa?”, konpas kopurua, erritmo mota… Hau guztiaz
gain, esan behar dut, beste alde batetik, zenbait ikasle mikrofono aurrean
jartzeko modu bakarra dela. Agian hortxe egin behar litzateke hausnarketa. Argi
dut behintzat txapelketak trikitilariarentzat direla onerako.
6.-
Gose = iraultza?
Hori
askotan esan izan digute; baina nik uste dut iraultza oso hitz potoloa dela,
eta nik soinua jo besterik ez dut egin. Iruditzen zait historian zehar iraultza
egin dutenek guk egin duguna baino gehiago egin dutela. Bai, agian soinua
jotzeko edo sentitzeko beste modu bat da, beste ikuspegi bat; gauza da guri
instrumentua gustatzen zaigula, eta ez hainbeste txistorra, abarkak eta ganadu
feriak. Goseri gustatzen zaio Maurizia, baina gustatzen zaio Prodigi;
Goseri gustatzen zaio Maixa eta Ixiar, baina gustatzen zaio Garbage; azkenean Gosen
pertsonak biltzen gara eta gustuko dugun musikaren influentzia begi-bistakoa
da. Alde batetik Maurizia eta bestetik Sakabi gustatuko balitzaizkit
Aristerrazun arituko nintzateke soinua jotzen seguruenik. Azkenean gustuko
dudan musika da, egin nahi dudana; barruan dudana ateratzeko bidea da. Horrez
gain, esan beharra dago, egun ordenagailuek gugan duten influentzia
izugarrizkoa dela; ni lagunekin ordenagailu bidez komunikatzen naiz, arropa ez
baina beste gauza asko internet bidez erosten ditut, egunero pizten dut ordenagailua,
tresna bat da gure bizitzan, gure belaunaldikoak ordenagailu batekin jaio gara;
horregatik, nola ez du bada eraginik izango musika egiterako unean? Naturala
da.
Honez
gain, egia da taldea osatzen ari ginela galdetzen geniola gure buruari ea zergatik
ez duen lehenago inork trikitia elektronikarekin “nahastu”. Funtzionatuko ez
zuela uste zelako, agian? Gertatzen dena da Euskal Herritik kanpora, Espainian,
adibidez, ez dutela trikitiarekiko aurreiritzirik, beraientzat infernuko
hauspoa un acordeón pequeñito da. Hemen, berriz, soinu txikiarekiko
beste ikuspegi bat dugu, eta, Italiatik iritsi den instrumentua izan arren,
uste dugu gurea dela. Hori bai, argi dago guretzat beste esanahi bat duela eta
gure herriaren nortasunaren zati dela; nahiz eta abarkak janzteak ez duen
euskalduna zarenik esan nahi. Guk nahi genuena gustuko musika egitea zen,
trikitia biluztu eta hauxe lortu dugu.
- Gose-ren Bondage abestia
Iruzkinak
Utzi iruzkina: