Zorionak Ainhoa! Zorionak Zea Mays!

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2011-03-17 22:34

Orain hilabete batzuk argiataratu zuen Zea Mays talde bilbotarrak "Era" lana. Diska bikaina izan genuen (beti egiten duten bezala) eta kantu eder bat baina gehiago aurkitu ditzakegu bertan. Baliabide elektronikoak erabiltzen hasi dira gainera dagoenenko seigarren lana duten honetan eta jauzi horretan, Split 77 taldekoek emandako laguntzak emaitza zirraragarriak eman ditu.

Hala ere, ez nator gaurkoan diskaz hitz egitea atzo bertan aurkeztu zuten “Negua joan da ta” lehen singelaren bideoklipaz baizik. Lankide batek galdetu dit gaur goizean ea ikusi dudan, eitb.com-en jarri zutela eta bideoklip osoan zehar zeinu hizkuntzan hitz egiten zuen neska bat besterik ez zela ageri.

Ordenagailu aurrean jarri eta negua joan berri dugun honetan, “Negua joan da ta” zoragarri horren bideokliparen bila joan naiz. Bideoklipa hasi eta neska bat besterik ez zen ageri pantailaren beste aldean, fondo beltz baten aurrean eta kantua, aurrean jartzen zaion edonori zeinu hizkuntzan kontatzeko asmoz.

Emaitza ikaragarria da, bere aurpegiaren espresibitatea naturaz-gaindikoa eta irriparrea, edonor hunkitzeko modukoa. Oilo-ipurdia jartzen zait gogoratzearekin bakarrik... Hala ere, bideoklipa aurrera zijoan eran, aurpegi eta irriparre horiek ezagunak nituenaren sentsazioa izan dut... Koño! Ainhoa da eta! Beasaindar bat protagonista azkenaldian ikusi dudan bideoklipik zoragarrienean. Gurekin ikasi zuen umetan eta antza denez, gauer egun, haur gor-mutuekin lan egiten du.

Gauza asko ditu goraipatzeko bideoklipak; gor-mutuak kontuan izatea, musika entzun ezin dutenei antzeko sentsazio bat eskaini nahi izatea, irudi fisiko idealak bilatu eta inposatzen diren garai hauetan ortodontzidun neska bat besterik gabe agertzea... Gauza asko esan daitezke baina bakarrarekin geratuko naiz. Zorionak Ainhoa! Zorionak Zea Mays!


Utzi iruzkina: