Vodafone 1 - indezent 0
Vodafonen jarraitzen dut… Bai, tontoa naiz, badakit. Hala ere, eta Albert Einsteinek esan zuen moduan, mugarik ez duten bi gauza besterik ez daude; unibertsoa, eta gizakiaren ergelkeria…
Badira pare bat hilabete Vodafoneko informazio telefonotik deika dabiltzala. Hasieran zuzenean moztu egiten nien baina kokoteraino bukatu nuen (ez dute sekula amore ematen…) eta egun batean, deia hartu nuen. Izugarrizko mauka omen zuten niretzat! Azken generazioko smartphone lerden bat muxu-truk, ditudan puntuen truke! Besterik ez! Hala ere, eta nire harridurarako, ez ninduen eskaintzarekin liruratu. Gustora nintzen garai batean doan eskaini zidaten Blackberryarekin. Horixe esan eta eskegi egin nion. Ni bai matxoalfa!
Handik aste betera berriz deitu zidaten. Aukera ez zela errepikatuko eta smartphone madarikatua oparituko zidatela. Nik, ezetz! Ez zaizkidala pantaila taktilak gustatzen, gustora nagoela nire Blackberryarekin eta haizea hartzera joateko! Uka uka ukamonga!
Amesgaiztoa bukatu zelakoan, handik bi astera berriz jaso nuen 1444 putakumearen dei bat… Lehen hiztetik gaizki erantzun nion (Benetan, hau SPAM hutsa da, debekatuta behar luke…). Hala ere, bai telefonoaren beste aldean, eta baita putzuaren beste aldean zegoen neska hark, ordurarte eskaini ez zidaten informazio bat eskaini zidan: "Ez bazenu eskaintza onartuko, abenduaren lauean zure puntuak bertan behera geratuko lirateke". Nolaaaaa!!!!
Nola puntuak agortu egiten direla?! Nola da hori posible?! Telefonoz egindako dei batez ez nintzela fidatzen esan (Bai, tonto-antxekoa izateaz gain nahiko troglodita naiz…) eta Beasaingo Vodafone dendara jo nuen. Entzun behar naute ba! Ahu! Ahu! Ahu! [#spartan mode off]
Dendara iritsi eta betiko moduan, ordu bete itxaroten egon ostean (benetan, gaur egungo telefonia dendak garai bateko arraindegiak dira), mostradorera iritsi nintzen. Jasotako deiak azaldu nizkion, egindako eskaintzak eta noski, puntuak bertan behera geratzearen kontua… Dena egia! Mekaguenlamadresuperioradelconventomarianista…
Nire puntuak desagertzeko omen zeuden eta eskaintza hartu edo puntuak galduko omen nituen. Muxu-truk erosi nitzakeen mobilak erakusten hasi zitzaidan. Samsung, Nokia, HTC… Guztiak taktilak… Ez dudala halakorik nahi demontre! Nire Blackberrya gustatzen zaidala! Nire odolki behatzekin klik klik eragiten diedan tekla txiki eta guzti!
Neskak orduan (erreflexu onak bai jauna), nik dudana baino Blackberry hobeak ere badirela, nire odolki behatzentzat tekla txiki eta guzti… Jarraian, ordenagailuan begiratzen hasi eta joño! Vodafonen bi urte baino gehiago neramatzala (zein azkar ari naizen zahartzen…) eta 120 euroko bono bat ere ba omen zuten nire puntuei gehitzeko! “Benetan, ez dut halakorik askotan ikusi, jendea lehenago aldatzen da konpainiaz eta ez dira halakorik izatera iristen. Ikaragrrizko eskaintza da. Hartu egin beharko zenuke”. Neskatxa maltzurra gero…
Blackberryak erakusten hasi zitzaidan eta nik, umetatik moko finekoa izan naiz (ez nuen berdela ikusi ere egin nahi. Nik mihi-arraina nahi izaten nuen…), aldizkarian ageri den Blackberry bati begira hasi naiz… “Bai, oso mobil ona da” (neska hau sorgin hutsa da, niregandik lau urratsera doa…). Eta? Eskaintza horrekin iristen al zait mobil horretarako? Erantzun nion. “Buuffff, eske hau oso mobil ona da…” berak. Beno, baina zenbatean?
Hemendik aurreakoak, imaginatu. Vodafonera protestara joan eta ordaindutako mobil batekin atera naizela… Uka, uka, ukamonga… Bai, tontoa naiz eta nirekin nahi dutena egin dute. Hori bai, zein gustura nabilen nire Blackberry berriarekin…
Zerbaitekin konformatu behar…
Iruzkinak
Utzi iruzkina: