Ring ring! Inkesta bat egin nahi duzu?

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2008-11-05 20:15

 

Ring, Ring!

-         Bai esan? (oso edukatua naiz telefonoz)

-         Egunon, Gizakerretik deitzen dizut hurrengo minutuetan gazteek politikaren inguruan duten pertzepzioaz inkesta bat egin ahal izateko eta bide batez, bazkaltzeko duzun ordu erdia izorratzeko. Zer iruditzen?

Ez zuen juxtu-juxtu hori esan baina kontzeptua berdina zen. Kontua da aspaldi ez nuela inkesta bat egiten eta humorez harrapatu ninduela beraz, baiezkoa eman nion (lau minutu xixtrin omen ziren eta gainera oso ahots goxoa zuen).

-         Politika jarraitzen al duzu? Bai edo ez (ongi erakutsita zuten, galdera bakoitzaren ostean erantzun posibleak eskaintzen zituen)

Ederki hasi gara ba! Bai? Ez? Ba lehen jarraitzen nuen baina nazkatu naute!

-         Hori ez da erantzun bat

… Ba ez!

-         Politika gizartearentzat baliagarria dela pentsatzen al duzu?

 Ba politika bera bai baina gaur egungo politikan eta politikarietan ez dut batere sinesten!

-         Hori ere ez da erantzun bat

…Baa… bai!

-         Alderdi politikoren batekin identifikatua sentitzen al zara?

Oraingo honetan erantzun bat nahi duzu ezta?

-         Bai

Ba ez

      -    Politiko lanbidea duina iruditzen zaizu?

Ba… berez bai baina… (Zenbat gauza pasa zaizkidan burutik…)

      -    Ederki, ekintza politikoan garrantzizkotzat jotzen dituzu? Manifestaldiak, aldarrikapenak, proposamenak…

Bai (azkar ibili naiz oraingo honetan e?)

-         Aurtengoan mota horretako ekitaldi batean izan al zara?

Ez

-         Ederki…

Ba horrela hasi ziren nire kontraesanak eta ordu laurden inguru iraungo zuten. Total politika interesatu bai, gizartea ere bai baina ikusten dudanak komunerako gogoa ematen didala beste ezer baina gehiago.

Ondorioa ordea (ez nirea, Gizakerrena baizik) beste bat da, guztira, bi.

1)      Mutil honek ez daki nun dagoen ere (somatzen hasia nintzen)

2)      Euskal Herriko gazteek ez dute batere interesik ez politikarekiko eta ezta gizartearekiko ere

Urtero argitaratzen dituzte horrelako inkesta iluminatuak eta lortutako erantzunen ondorioa, generazio gazteen pasotismoa izan ohi da. Erraza da galderak egitea, baita erantzunak interpretatu eta gure herria sekula konponduko ez duten ondorioak ateratzea baina hainbeste erantzun bildu beharrean hobe lukete beste gauza bat egitea; galdera egokiak egitea

Politika intresatzen zait? Bai. Zer pentsatzen duzu gaur egungo politikaz ? Barkatu, komunera noa. Garbi dago gaur egungo gazteok politikarekiko interesa galdu dugula baina konponbidea ez da drogazale eta fornikatzaile itsu soilak garela esan eta gure belaunaldia ahaztea. Konponbidea, hau zergatik gertatu den ikertzea da eta ziuraski, errua inkestak egin eta egiteko eskatzen ari den batena izango da...


Utzi iruzkina: