Monique

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2011-03-21 22:20

Monique izena du. Berrogeita hamar urte inguru izango ditu edo hori ematen du behinipein... Ziuraski aspaldi gainditua izango du mende erdia baino ez zaio nabari. Abuztuko zerua bezain begi urdinak ditu, indarrez beteak eta begietara begiratzen zaituenean gainontzekoek baino barnerago ikusten duenaren sentsazioa ematen dizu. Agian, zure sekretu guztiak ezagutu arte...

Hala ere, ez da du kikiltzen zaituen begirada horietako bat. Ziuraski inork baino gehiago bizi izan du metro eta hirurogeita hamar inguru neurtzen duen emakume fin eta gihartsuak eta begirada garden horrekin, bere onespena ematen dizu. Zure sekretu eta gabeziak ikusi ditu baina barkatzen zaitu eta badakizu ez dituela zure aurka erabiliko.

Luz Saint-Souveurretik Luz Ardidenera zoazela bidean topatzen dituzun hiru herrietatik bigarrenean bizi da, Sazosen, alturetarako bidearen erdian. Zeru eta lurraren artean du etxea, bizilekua ere naturaz gaindiko arrazoi batengatik aukeratu balu moduan; bien erdian, biak ondo baino hoeto ezagutzen dituela jakinarazteko edo...

Bere garaian hippie bat izan zela apostu egingo nuke. Mundu erdia gurutzatu zuen ziur esperientzi berrien bila eta zergatik ez? Azkenean ezinezkoa izan zen amodio baten atzetik. Musikari batez maitemindu zen agian... Edo artista batez eta bere bidaia homerikoa amaitu ondoren, bere burua munduaren beste puntan aurkitu ostean, etxera itzuli zen ikasi zuen guztia jaiotzen ikusi zuen etxean praktikan jartzeko. Jaiotzen ikusi zuten mendien magalean heriotzari presarik gabe itxaroteko asmoz.

Bere amarekin bizi da Monique. Honek ere begi urdin indartsuak ditu baina irriparre triste batek beste izaera bat ematen dio. Bizitzak behin baina gehiagotan kolpatu duenaren itxura du baina beti du irriparre osatzaile horietako bat gerturatzen zaion edonorentzat.

Etxean egindako konposta erabiltzen dute etxe inguruko lorategiak ongarritzeko eta etxeak itxura guztia du bere eskuekin berritu duenarena emakume begi-urdin gihartsuaren eskuak, lana egindakoak baitira. Behar luzekoak, finak baina gogorrak. Iltze bat baina gehiago iltzatu dituenarenak.

Beraien etxebizitzaz gain, goiko pixuan beste bi atondo dituzte alokairurako. Etxe duinak dira, gehiegikeriarik gabeak, beharreko gauzak besterik ez dituztenak. Oheak, sukaldetxo bat, komona, dutxa bat eta berogailua. Mendira eskiatzeko asmoz goazenoi alokatzen dizkigu barregura ere ematen duen salneurri baten truke. Ez dute bizitzeko gehiegi behar Monique eta bere amak eta beste guztiek abagune hori diru mordoxka bat egin eta diruaren gainean lo egin ahal izateko probesten duten garaietan, beraiek jendea ezagutzearekin konformatzen dira. Azkenean, horixe baita beraien bizietan falta den bakarra... Edo ez, nik zer dakit...


Utzi iruzkina: