Mendira bake bila? Gorago igo beharko gara ba...
Aitortzen dut, zaila da ni mendira eramatea (beno, mendira edo ibilaldi puta batera). Gainera, normalean mendira edo kirola egitera ez joateak forma puntu kaskarra eskaintzen du eta horrek aldi berean, mota horretako planekin bat ez egiteko aitzakia ezin hobe bat. Hala ere, onartu beharrean nahiz baita ere, txango bat egin ostean gorputza zeharkatzen dizun sentsazioa ederra dela. Bi errealitate hauek medio, noizean behin animatzen naiz espedizio txikiren batera, beti ere, pasatu gabe.
Igande honetarako Urederrera joateko gonbitea egin zidaten eta nahiz eta hasieran ez nuen oso garbi ikusi, “ogitarteko” hitza entzutean, Pavloven zakurra bezala jarri nintzen. “Ogitartekoa ez, fianbrera eramango dugu bai jauna!”.
Eguraldi ederra atera zaigu eta Urbasa aldera abiatu gara goizaldean. Zerua aratz, haize freskoa, errepidea hutsik, tertulia eta autorako musika ederra bozgorailuetan. Zer gehiago behar da zoriontsu izateko? Hala ere, pixkanaka Baquedano ingurura gerturatzen hasi gara eta errepide hutsa zena Munbaiko kale nagusian bilakatu da. Ehunka pertsona, auto anda eta autobusak!! Berezko aparkalekua lepo omen zegoen eta apur bat gorago dagoen jolas parke batera bidali gaituzte autoa uztera.
Autotik atera eta atzo lagun batek esandakoa gogoratu dut: “Hondartza abuztuan bezalaxe egongo da hori bihar”. Bai bai, eta ez edozein hondartza… Benidorm gutxienez! Ibilaldiari ekin eta txango osoan zehar bidaikide izango genuen fauna ezberdina ikusten hasi gara (gu nahikoa fauna ez bagara): mendian gora oihuka doan jendea, mugikorreko musika mundu guztiarentzat jartzen duten gazteak, lokatz artean ibiltzeko oinetakorik hoberena bailarina batzuk direla pentsatu duten neskak, urrunago joan eta takoi eta guzti Urederra ezagutzera joan direnak (eta nola ez, bidean harriak daudela kexaka dabiltzanak. Que viene al monte señora!!), kurtso amaierako bidai batean daudela diruditen berrogei bat gazteko tropelak eta nahiz eta hogei pertsona zain izan bide erdian argazki baterako posatzen hasten diren facebookeko izarrak.
Ordu bete inguru kostatu zaigu Urederraren iturburura iristea eta une batzuetan prozesio batean ginenaren sentsazioa izan dut (Aste Santuetan ihesi ibili eta azkenean, taka!). AC/DCren kontzertu baterako sarrerak erosteko ilara batean ginela zirudien. Jendea atzean, jendea aurrean eta une askotan, zain egon behar gainera behetik gora eta goitik behera zetorren jendea ez ginelako bidetxurretatik batera sartzen. Batzuetan, itxaronaldi horietan zehar, begiak itxi eta naturak bakarrik eskaintzen dizun bake horren bila hasi naiz, errekaren soinua bakarrik entzun nahian, planetarekin bat egin nahian eta… “Ponte de perfil, saca el brazo. Así no vas a salir bien”.
Benetan, esan dizuedan bezala, mendizale baten antitesia naiz. Ez dut nire burua mendizale moduan jarriko gezurra delako baina horrelako lekuetan, Edmun Hillary sentitzen naiz eta hori, ez da oso normala. Ez dut mendira joateko ohiturarik baina mendiari izan behar zaion errespetu eta maitasuna diodalakoan naiz. Bertara joaten naizenean, eskaintzen didana bilatzen dudala bertan eta ez naizela parke natural batera, parke tematiko batean sartzean duzun jarrera berdinarekin joaten.
Argazkia: leku-bereziak.nirudia.com
Leku ederrak ikusi ditugu gaurkoan baina ez beharko litzatekeen testuinguruan. Nire gorputz eta buruak ederki eskertu dute ibilaldia baina mendira joatean sentitzen dena baino gimnasioko zinta batean ibiltzean sentitzen dena sentitu dut. Agian, nirea da errua eta bakea eta naturarekin bat egitea bilatuz gero, mass mendia bilakatu diren lekuak alde batera utzi eta beste ibilbide gogor edo ezkutatuago batzuk aukeratzen hasi beharko nintzateke. Posible da, baina hori egitera iristeko, gehixeagotan egin beharko ditut gaurkoa bezalako irteerak forma hartu, eta beste leku eder horietara joaten hasi ahal izateko. Hamaika ikusteko jaioak gara… Txomingeroek lortuko dute beste ezerk lortu ez duena… Ni mendira joatea.
Bide batez, fianbreran atzo sartu nuen guztia oso oso goxoa zegoen. Hori bai, baso urrun batera joan gara dastatzera, bakean, naturarekin bat... Eta inork zati bat eskatuko ez didan lekuan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: