Low cost garaiak
Low cost. Makina bat aldiz ikusi ditut bi hitz magiko hauek Aste Santuko oporretan zehar eta egia esatea nahi baduzue, soberan kezkatu nau. Gogoan dut termino hori entzun nuen lehen aldia. Airelinea berri batzuei lotua iritsi zen nire belarrietara eta ikaragarri poztu ninduen hegaldien demokratizazio iraultzaile hark. Ordurate, garestia zen oso hegazkin bat hartzea eta oso gutxiren esku zegoen, edo oso noizean behin bakarrik egin zitekeen zerbait zen. Demokratizazio horrekin, sekula baino gertuago zeuden Vietnam, Peru edo Islandia. Zeinen ongi ezta?
Gerora, krisia etorri zen eta low cost hori beste hainbat lekutan ikusten hasi ginen. Musika jaialdiak, arropa… tabakoa! Guztiok genuen diru gutxiago edo gastatzeko beldur gehiago eta besoak zabalik hartu genituen berrikuntza hauek guztiak. Low cost iraultza merkatuan leku bat egiten ari zen baina bere eremuak aisialdia, gutiziak edo bizioak ziren.
Aste Santu hauetan ordea, joera honek aurrera jauzi bat eman duela sumatu dut Espainiako hiri ezberdinetan eta ez zait batere gustatu ikusi dudana. Low cost kafetegiak, low cost jatetxeak, low cost tabernak! Poteorako tabernak tio! Poteo low cost! Horrela esanda, eta azkenaldian gure diru-zorroak zein hutsik sentitzen diren kontuan izanda, ez luke zergatik berri txar bat izan behar baina low cost horren atzean gauza asko ezkutatzen dira (Badakit askoren iritziz jana eta edana etxetik kanpo, aisialdi, gutizi edo bizioen eremuan sartuko zenutela baina hori euskaldun jatorrak ez zaretelako da!).
Negozio hauek gehienak kate handien sukurtsalak dira. Hau da, ez ditu Segovia edo Burgoseko ostalariak zabaldu. Multinazional batek baimendu du norbait bere parametro eta arauen arabera lokal bat zabaltzeko. Berak aurretik ezarritako lan baldintzekin eta berak aurretik ezarritako eskaintza eta izaerarekin (Poteo edo pintxoetarako McDonals bat gutxi gorabehera). Langile guztiak gazteak izaten dira eta ez dago buruari asko eman beharrik izango dituzten lan baldintzak irudikatzeko. Hori gutxi balitz, ezleku hutsak dira. Ez dio axola Bilbo edo Albaceten egon guztiak berdin-berdinak direlako goitik behera.
Multinazionalek orain arte debekatua zuten leku batean sartzeko aukera ikusi dute krisiarekin eta badakizue hauek ez direla lo geratzen horrelakoetan. Alde batetik, bezeroen estutasunak probestu dituzte orain arte herrietako tabernetan egiten genituen gastuak, izaerarik gabeko eta diseinu sinplistako lokal hauetan egitera igarotzeko eta bestetik, gazteriaren estutasunak probestu dituzte zabor lanpostuak sortu eta betetzeko (Negozio gizon zintzo eta solidarioak esaten dena...).
Bitartean, ohiko ostalariak inoizko garairik txarrena bizitzen ari dira eta batek baino gehiagok pertsiana botatzeko erabakia hartu du beste asko, zenbat gehiago iraungo ote duten pentsatzen ari diren bitartean. Krisiak eraginda leku merkeagoetara joateko joera izatea erabat ulertzekoa da baina ulertu beharrean gaude, mota honetako negozioetara jotzen dugun bakoitzean katutxo bat hiltzen duguna (Ez da horrela literalki baina barrena ukitu nahi nizuen). Kontziente izan behar gara Copas Rotas batean trago bat hartu edo 100 montaditos batean pintxo bat jaten dugun bakoitzean, gure etorkizuneko lanpostuak suntsitzen ari garela, leku bateko historia eta izaera gupidarik gabe egurtzeaz gain.
Nik behintzat, erabakia hartu dut. Hemendik aurrera, El tío Fermin edo La Colonial bezalako lekuetan besterik ez naiz sartuko oporraldietan eta nonbait, Tele Pizza itxura sumatuz gero, “disidente!” bat eroriko zaio, zin dagit. Escrache time beibe!
Iruzkinak
indezent 2013-04-01 20:55 #1

Eta bestela, "Racist!" bat! ;)

http://www.youtube.com/watch?v=ehQ8DVysLMQ

borthuzai 2013-04-01 21:04 #2

igual gustauko zaik:

http://www.youtube.com/watch?v=6syFNP5pUHE

borthuzai 2013-04-01 21:10 #3

aunke ez dek zehazki gai berdinez...

indezent 2013-04-01 21:20 #4

jajaja Ez, ez dek berdin-berdine baino emaitza bai ;) Ikusiko diat lasaiago aunk aspaldin ematen ari haizen lotura guztikin itxaron zerrenda ere jarriko behar diat... :p

Utzi iruzkina: