Like A Rolling Stone XIII: Red Hot Chili Peppers
Azken bi asteak Kalifornian igaro ditugu Like A Rolling Stone tarte honetan. Egia esan, eguzkiak ederki berotzen du inguru honetan eta hondartza ederrak daude gainera.
Hori kontuan izanda, eta azkenaldian, trilogiak modan duden gauza bat direla jakinda, Los Angelesen geratzea erabaki dugu horrela, Kaliforniako trilogia osatzeko.
Rage Against The Machine eta Incubusen ostean, Red Hot Chili Peppersen txanda dugu Like A Rolling Stone tartean.
1.- RED HOT CHILI PEPPERS eta FREAKY STILEY
Red Hot Chili Peppers 1983an sortu zen Los Angelesen nahiz eta hasieran beste izen bat zuten: Tony Flow and The Miraculously Majestic Masters of Myhem. Harapazak.
Sortzaileak, Fairfax High Schoolean ikaskide ziren Anthony Kiedis, Hillek Slovak, Jack Irons eta Michael Balzary “Flea” izan ziren.
Garai hartan Los Angeleseko Punk zirkuitoan mugitzen ziren baina Anthony eta Fleak garbi zuten beste zerbait egin nahiz zutela. Beraien lehen kontzertuan punk, rap eta funk nahasketa bitxi bateki atera ziren jendeaurrera eta lokaleko jabeak ere espero ez zuen harrakasta izan zuten. Kontzertu berezia izan zen zerbait esatearren. Garai hartan, biluzik ateratzen ziren eszenatokira potroetan galtzerdi bat besterik ez zutela.
Gauzak horrela, izena aldatu (ez zegoen izen hura oriotzeko gai zen inor) eta taldeari Red Hot Chili Peppers jarri zioten.
Kontzertu batzuen ostean EMIrekin kontratu bat sinatzea lortu zuten baina aste horretan, dena ez ziren berri onak izan. Hillel eta Jackek talde paralelo bat zuten, What is This? Eta talde honek ere kontratu bat lortu zuen MCA disketxearekin. Bi taldeen artean aukeratu beharrean bai kitarjoleak eta baita baterijoleak ere What is This? Aukeratu zuten.
Flea eta Kiedis taldekide berrien bila hasi ziren lehen diska kaleratu ahal izateko. Ordezkoak Cliff Martinez eta Jack Sherman izan ziren.
Formazio berriarekin estudioan sartu ziren eta Red Hot Chili Peppersen lehen lana grabatu zuten. Anthony Kiedisek True men Don’t Kill Coyotes jarri nahi izan zion baina EMIk, diskak taldearen izen berbera izatea inposatu zuen eta horrelaxe izan zen.
Porrot izugarria izan zen 1984ean argitaratutako debut lan hau eta 25.000 kopia besterik ez zituzten saldu. Hala ere, berri guztiak ez ziren txarrak Hillel Slovak What Is This? Taldeaz nazkatu eta taldera itzuli baitzen.
Taldeak burugor jarraitu zuen aurrera eta urte bete beranduago, 1985an hain zuzen ere, Freaky Stiley argitaratu zuten eta emaitza antzekoa izan zen. Kopia gutxi saldu zituzten eta bira ere, ez zen batere produktiboegia izan.
Freaky Stiley diska hartakoa dugu Jungle Man hau.
2.- THE UPLIFT MOFO PARTY PLAN
Porrot honen ostean beste berri on bat izan zuen taldeak eta Jack Irons taldera itzuli zen. Gauzak horrela bi diskaren ostean, berriz ere, hasierako formaziora itzuli zen Red Hot Chili Peppers.
Gauzak ordea, ez ziren ondo joango denbora luzez. Anthony Kiedis heroinarekin arazo larriak izaten hasi zen eta taldetik bota zuten. Hala ere, honek ere ez zuen gehiegi iraun hilabetera berriz ere Red Hot-en onartu bait zuten.
Taldea hirugarren diska grabatzen hasi zen eta kantuak modu askoz naturalagoan sortzen zituzten. Betiko funk erritmoak landu zituzten baina kitarrak punk edo metal estiloetatik gertuago zeuden.
1987ko irailean argitaratutako diska hark The Uplif Mofo Party Plan izena zeraman eta lehen aldiz arrakasta minimo bat ekarri zien Red Hot Chili Peppersekoei. Lehen aldiz zerrendetan saru ziren eta taldearen izena ezagun egiten hasi zen.
Diska aurkezten zebiltzan arrakasta lortu berriaz disfrutatzen eta 1988ko uztailean taldearen ibilbidea ia betiko moztu zuen gertakari bat jazo zen. Hillel Slovak heroína gaindosi batez hil zen.
Slovaken azken diska hartakoa da Fight Like A Brave kantua
Hillelen heriotzaren ostean Anthony Kiedisek ihes egin zuen eta ez zen bere hileta elizkizunean egon. Mexikora joan zen eta hilabete batzuk egon zen bertan desintoxikatzen.
Jack Ironsentzat ere kolpe handia izan zen Hillel Slovaken heriotza eta taldea betiko uztea erabaki zuen. Ez omen zuen nahi bere lagunak akabatzen ari zen talde batean jarraitu nahi.
Denborarekin eta behin drogak utzita, Anthony Kiedis Los Angelesera itzuli zen eta Flearekin batera, talde bersortzen hasi ziren. Hasiera batean, Dead Kennedyseko D.H. Peligro baterijolea eta DeWayne McNight kitarjolea kontratatu zituzten baina gauzak ez omen zuten behar bezainbesteko txisparik eta biak kaleratuak izan ziren.
Halako batean Flea bere lagun batez oroitu zen eta Red Hot Chili Peppersek bere historiako erabakirik garrantzitsuena hartu zuen. John Frusciante gaztea taldean sartu zen.
Baterijole bat besterik ez zitzaien falta eta lagun batek Chad Smith izeneko tipo bat gomendatu zien. Proba bat egin zioten eta hiru kideak aho bete hortz geratu ziren. Nazioartean ezaguna egingo zen Red Hot Chili Peppers habian zen.
Taldea estudioan sartu zen eta Michael Beinhorn izan zen ekoizpenaren arduraduna. Bere proposamenetako bat John Frusciantek heavy riff eta doinuak jotzea zen baina Johni ez zitzaion batere gustatu inposizio hau eta nahiko blokeatuta egon omen zen bere bizitzako lehen grabazioan zehar.
Mother’s Milk diska 1989an argitaratu zen eta lehen aldiz zerrendetako lehen hamarretan sartu zuen kantu bat red Hot Chili Peppersek. Knock Me Down izan zen eta Hillel Slovaki eskainitako kantu bat zen. Diska honetakoa da baita ere Higher Ground handia.
Mother’s Milk lanaren arrakasta handia izan zen baina taldekideak ez ziren kontziente beraien hurrengo lanak suposatu behar zuenaz.
Ekoizpen arduraduna aldatzea erabaki zuten Michel Beinhornekin nahiko presionatuak sentitu zirelako eta Nick Rubinengan jarri zuten konfidantza.
Honek, askatasun guztia eman zien kantuak sortu eta grabatzeko bere hitzetan horixe bait zen diska errepikaezin bat sortzeko modu bakarra.
Askatasun honetan taldea lehen aldiz libre sentitu zen eta emaitza ezinhobea izan zen.
Blood Sugar Sex Magic diskak 1991ko irailean ikusi zuen argia. Diska honetakoak dira Red Hot Chili Peppersen kantu antologikoetako batzuk. Adibidez, Under The Bridge hit-a, Breaking the Girl, Suck My Kiss edo jarraian entzungo dugun Give it Away.
Blood Sugar Sex Magiken arrakasta izugarria izan zen. Nazioartean izen bat egin zuen taldeak eta bira amaiezin horietako bat burutzeko aukera izan zuten. Hala ere, oraingo honetan ere zoriontasuna ez zen luzerako izan.
John Fruscianteri handi etorri zitzaion arrakasta eta ezin izan zuen egoera jasan. Drogekin arazoak zituen honek ere eta depresio batean erori zen. Ezin zuen egoerarekin jarraitu eta bere bizia bide zuzenera itzultzeko modu bakarra taldea uztea zela konturatu zen nahiz eta hau, munduan gehien behar zuen gauza izan.
Taldearentzak galera handia izan zen hau berak eraman bait zuen azken diskako konposizioan pixu gehien baina garbi zuten oraingo honetan ere aurrera aterako zirena eta beste kitarjole baten bila hasi ziren.
Proba ezberdinen ostean, Jane’s Addictioneko Dave Navarro izan zen aukeratua.
Diska berrian lanean hasi ziren baina gauzak berriz ere okertzen hasiak zeuden. Kiedis drogetara itzulia zen nahiz eta bere taldekideek ez jakin, kantatzeko arazoak izaten hasia zen.
Asko kostatzen ari zitzaion taldeari kantu berriak sortzea eta hori gutxi balitz, taldekide berria ez zegoen gustora taldean. Arrotz moduan sentitzen omen zuen bere burua eta askatasunik gabe jotzen omen zuen kitarra.
Bi urte luze kostatu zitzaien diskarako kantuak prestatzea eta 1995eko irailean One Hot Minute diska kaleratu zuten.
Harrera eskaxa izan zuen diskak eta bai zale eta baita kritikoen aldetik ere egur galantak jaso zituen Red hot Chili Peppersek. Diska ezberdina da bai, psikodelikoagoa, distortsionatuagoa baina egia esan kantu itzleak ere aurkitu daitezke bertan eta gainera, hasieratik bukaerara entzuteko moduko diska horietako bat da.
One Hot Minute hartakoa da Aeroplane hau.
Taldeak ez zuen Dave Navarroren fitxaketarekin asmatu eta dagoeneko desintoxikatua zegoen John Frusciantez oroitu zen. Red Hot-era itzultzeko eskatzen deitu zioten eta Johnek pozez negarrez erantzun omen zien baietz.
Indarrez gainezka itzuli zen John eta Red Hot Chili Peppersen ibilbidea aldatuko zuen diska idazten hasi zen Anthony Kiedisekin batera.
Oraingo honetan ez zuten ekoizleen presiorik izan eta 1999ko ekainerako prest zuten berriz ere olatuaren gailurrera altxatuko zituen Californication diska oroitua.
Diska honetan funk doinuak mantentzen jarraitu zuten baina punk kutsua betiko desagertzen hasi zen. Anthony Kiedisek ederki ulertu zituen John Fruscianteren riff melodikoak eta naturaltasun osoz sortu zuten pasa den mendeko diska hoberenen artean oroituko dugun Californication hau.
Diska horretakoak ditugu Scar Tissue, Californication, Otherside, Parallel Universe, Road Trippin edo jarraian entzungo dugun Around The World
Californicatonen ondorioz Frusciantek indarra hartu zuen taldearen sorkuntza prozesuan eta ordurarte hainbeste garrantzia zuen Flearen baxua desagertzen hasi zen.
Hala ere, bere protagonismo uneak izaten jarraitzen du eta 2002an argitaratu zuten By The Way laneko By The Way edo Can’t Stop kantuetan argi geratzen da hau.
Diska honekin Californication diskarekin lortutako nazioarteko izena mantentzea lortu zuten eta egoera Greatest Hits diska bat eta zuzeneko beste bat argitaratzeko probestu zuten.
Aipatu berri ditugun hiru diska hauetan agertzen da By The Way kantua.
Hiru diska hauek argitaratzeko esfortzuaren ostean, taldeak esfortzu bat gehiago egitea erabakitzen du eta Stadium Arcadium diska bikoitza kaleratzen du.
Gaur arte Red Hot Chili Peppersen azken diska den hou 28 kantuz osatzen da eta ordurarte sekula lortu ez zuten lorpen bat posible egin zuen.
Diska honetako lehen hiru singleei esker, Dani California, Tell Me Baby eta Snow (Hey Oh!) hain zuzen ere, Red Hotek hiru single ezberdinekin zerrendetako lehen postuan egotea lortu zuen.
Hauxe duzue hiru number one horietako bat izan zen Tell Me Baby.
Horrelaxe amaitzen da gaur arte Red Hot Chili Peppers taldearen ibilbidea eta betiko, formazio zehatz honena John Frusciantek orain gutxi adierazi baitu taldea utziko duela bere bakarkako ibilbidearekin jarraitzeko.
Bere lekua Josh Klinghoffer kitarjoleak hartu du eta ez da kitarjole ezezagun bat gainontzeko taldekideentzat. Orain arte kontzertuetan taldearen bigarren kitarra izan da eta modu honetan, taldekide izatera pasako da. Ea zer moduz ateratzen den asmakizuna.
Guk, gure aldetik tarte hau isten joan behar dugu eta badakizue horretarako talde honekin harremana duen baina taldearena ez den kantu bat aukeratzen dugula eta gaurkoan, derrigorrezkoa iruditu zaigu John Fruscianteren kantu bat aukeratzea kitarjole hau ezaguna egin duen taldetik behar den bezela agurtu ahal izateko.
Zuekin, Curtains diskatik, John Frusciante eta The Past Recedes.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: