Elikagai sin, o,o, free eta dietetikorik gabe biziraun duen gabiriar batek komunitate zientifikoa aho bete hortz utzi du

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2011-12-14 20:03

Astelehen goizean egin zuen publiko Beasaingo anbulatorioak aurkikuntza sinestezina. Gregorio Goikoetxea Balerdi ohiko osasun azterketa bat burutzera joan zen bertara nahiz eta emazteak derrigortu behar izan zuen hogeita bost urte medikura joan gabe zeramatzala eta. “Burugor jartzen denean, ez dago Maritxuri ezetzik esango dionik…” adierazi zuen kazetarien aurrean.

Azterketa amaitzean eta Gorrotxategi doktoreak idixko bat baina indartsuago zegoela ondorioztatu ostean, bere bizi ohiturez galdezka hasi zitzaion 72 urteko gabiriarrari. Galdeketa amaitzean anbulategiko mediku, erizain, idazkari eta bisitariz bete zen kontsulta gizon hark bizirik nola jarraitu zezakeen ulertu ezinik.

Ez omen zuen sekula elikagai dietetikorik probatu, are gutxiago azukre, koipe edo alkoholez libre zegoenik. “Azukrea kendu?” galdetu zuen harriturik. “Madalenak azukrerik gabe?! Zuek ez zaudete burutik sano!”.

Gregorioren osasunaz arduraturik Gorrotxategi doktoreak gabiriarra Donostiako Poliklinikara bidaltzea erabaki zuen han azterketa sakonago bat egiteko asmoz. “Halako bizia daraman norbait edozein unetan geratu daiteke seko lurrean” Adierazi zuen.

Donostiako Poliklinikara anbulantzia medikalizatu batean garraiatu zuten N-1 errepidean barrena bidetik zer gertatzen zen ulertu ezin zuen bitartean. “Mijoa? Kinoa? Tofua?? Kontuz esaten dekenarekin eh! Kazkarreko bat emango diat eta!”.

Poliklinikako Ikerketa Taldea zur eta lur geratu zen telefonoz Beasaindik azaldutakoarekin eta gizon hark bizirik nola jarraitzen zuen ulertu gabe osasun azterketa eta elkarrizketekin jarraitu zuten. “Gizakiaren kate-maila galdu bat izan behar du. Ezinezkoa da bestela! Istoriako aurkikuntzarik handiena izan daiteke DNAren deskodetzearen ondoren… Esnea ere osoa edaten omen du egunero!

Gregorioren misterioa erabat argitu ez badute ere, Poliklinikako Ikerlari Taldeak adierazi duenez Nature aldizkariko hurrengo alearen azalean agertuko da gabiriarraren kasua. Kostatuko zaie ordea berriz ere Gregorio aztertzea arratsaldeko bostetan arropak jantzi eta Poliklinikatik alde egin bait zuen sozidadean afaria egiteko janaria erosi behar zuela argudiatuta. “Zer jango diau ba? Betikoa! Babarrunak aza eta odolkiarekin eta arkumea gero”.

Gabirira itzultzeko Maritxuren R5an sartu aurretik Poliklinika aurrean pilatzen ziren ehundaka kazetarien azken galderei erantzun zien. “Ea postrerik jan behar dugun? Noski, Maritxuk egindako letxe-fritak! Eta gero… Jainkoak agintzen duen bezala, kafea, kopa eta purua! Ez dakit badaizuen baina… kaxkarretik junda zarete gero…


Utzi iruzkina: