Donostiako emakume batek Sporting de Herrera aukeratu du historiako futbol klub hoberena

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2011-05-06 16:21

Zumaian jaio eta Donostiako Herrera auzoan bizi den Margarita Olaran Barcos 73 urteko emakumeak publiko egin berri du bere azken ikerketaren emaitza. Historiako futbol klubik hoberena, Sporting de Herrera da.

 

Mundu mailako prentsa gainean zuen donostiarrak Marca, La Gazzeta dello Sport edo A Bola bezalako kirol egunkarietako foroetan zehar zurrumurru bat zabaldu ondoren. Bertan, Margaritaren azken ikerketako emaitzak publiko egiteko oso gutxi falta zela jakinarazi zuten eta azkenean, arrazoia izan dute.

Hilabeteetako lana izan omen du ikerketak eta behin baina gehiagotan amore ematekotan izan omen da Margarita. “14.000 mila bat partidu ikusi behar izan ditut dokumentaziorako eta ez da erraza izan bideo batzuk lortzea. Maldini eta Lillok oso jatorrak dirudite telebistan baina nire senarra zena baina xurragoak dira…

Hala ere, bere erabakia oso meditatua izan omen da. Nottingham Forest, Celtic Glasgow, Manchester United edo Bartzelona baztertu ostean, oso garbi izan omen zuen irabazlea Sporting de Herrera izan behar zena. "Real Madrilek ez zuen lehen filtroa ere pasa. Kamixeta zuriarekin jolasteak garbitzaileen bizitza inpernu bat bilakatzen du..."

Nazioarteko kirol adituek Olaranen ikerketa txalotu dute baina eztabaida ere sortu da azken erabakiaren inguruan. Margaritaren seme eta bilobak Sporting de Herreran jolastu izanak eta hirurogeigarren hamarkadan bere lehengusu bat klubeko presidente izateak hautsak harrotu ditu komunikabide ezberdinetan.

Margaritak garbi erantzun die bere ikerketari balioa kendu nahi diotenei. “Nire ikerketaren emaitza eztabaidaezina da, metodologia zientifikoan oinarritu naiz eta erabat objetiboa izan naiz gainera”. Hau frogatzeko bere aurreko ikerketak atera ditu mahai gainera. Tartean, munduko haurrik politena moduan bere biloba Aitor aukeratu zuenekoa edo munduko bizilagun txarrenaren saria bere bizilagun Doloresi eman zionekoa. “Puta zahar madarikatua…”.

Atsedena nahi omen du Margaritak une honetan baina dagoeneko hurrengo ikerketan pentsatzen ari da. Munduko herririk ederrena aukeratzekotan omen dabil. Zerbait aurreratzeko eskatu diogu eta grabagailuak itzalita zeudela Zumaiak irabazteko aukera asko dituela aitortu digu herriko udalak gauzatutako azken lanen ostean "Oso txukun" geratu baita .


Utzi iruzkina: