Beasaingo igerilekuen inguruan

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2009-10-03 17:08

Urrian gaude dagoeneko eta nahi edo ez, uda eta oporrak aspaldi pasa ziren. Hala ere, bada udan sortutako kontu bat ez nukeena pasatu gabe utzi nahi, nahiko sututa naukalako gehienbat.

Gogoan ditut haurtzaroko udak. Hamabost bat egunetarako Pirinioetara joaten ginen oporretan famili osoa baina badakizue, haurren oporrak, gurasoek izaten dituzten hiru-lau aste horiek baino luzeagoak izaten dira eta Udalekuetan pasatzen genuen astea kenduta, uda osoa Beasainen pasatzen genuen.

Gaur egun, herria zaintzea deitzen diogu horri baina garai orduan ez zegoen horrelako pentsamendurik gure buruetan Beasain bera ere, bai bai, Beasain! udarako leku aproposa bait garai hartan. Astelehen buru zuri batean aitak igerilekura joan behar genuela esan eta konturatzerako bainu-jantzia gainean genuela ate ondoan zain gintuen aitak anaia eta biok.

Oroitzapen ederra dut egun haiena. Goizean goiz joaten ginen kanpoko igerilekuetara eta batzuetan, bazkaldu ere, han bertan egiten genuen. Izugarrizko igerilekuak zituen Beasainek urte haietan; igerileku olinpiko bat, ertain bat eta txiki bat edo guk deitzen genien moduan, handia erdikoa eta txikia. Egia esan, gehiegizkoak ziren agian 12.000 biztanleko herri batentzat, ados. Gainera, lurra irristakorra zen eta ur gastua ere ez zen makala. Hala ere, merke asko sartzen ginen bertara.

Gauzak horrela, igerileku zaharrak bota eta berriak egiteko garaia iritsi zen. Gutxi gorabehera herri guztia zegoen ados lan hauek egiteko beharrekin. Hala ere, lanak amaitu eta igerileku berriak ikustean inor gutxiri gustatu zitzaion emiatza. Lehengo igerilekuak gehiegi ziren bezalaxe, hauek gutxi antxean geratzen dira 13.000 biztanleko herri batentzat (biztanleria gora doa…).

Bi igerileku ziztrin besterik ez daude. Handia, igerileku zaharretako erdikoa baino txikiagoa da eta txikia… Txikiak hitz honi zentzu berri bat ematen dio. Horretaz gain, handiak (igerirako balio beharko lukeenak) nahiko forma arraroa du. Horri, abuztuko edoizen egunetan, 400 nerabe zoro baino gehiago uretan daudela gehitzen badiogu (ez noa nerabeen aurka, guk berdina egiten genuen), ba igeri egitea ezinezkoa bilakatzen da, beti ere noski, uretan sartzea lortzen baduzu. Hori bai, punta puntako material eta teknologiarekin!

Horretaz gain, pasa den udara arte nahiko garestia izan da igerilekuan sartzea baina uda honetakoak muga guztiak gainditu ditu. Kiroldegiko birmoldaketa berriarekin, kanpoko igerilekura sartzeko kiroldegiko atetik sartu behar zara eta hemen ere izugarrizko lanak egin dituztenez (honek beste zutabe baterako ere ematen du…) sarrerak, 10 euro balio du!

Hau da, ez dio axola pin-ponean jolastera, gimnasioan izerdi egitera edo haurrekin kanpoko igerilekura zoazen. Atetik sartzeak 10 euro balio du. Aurrekoan, bi seme-alaba dituen aita gazte batekin hizketan aritu nintzen. Haurren sarrerak 5 euro balio omen du eta astelehen buruzuri batean igerilekura joatea 20 eurotan ateratzen omen zaio. Hori dela eta, Zegama edo Ormaiztegi bezalako herrietako igerilekuetara joateko erabakia hartu omen du erdia baino gutxiago kostatzen bait zaio sarrera eta nahiz eta puntako teknologia ez izan eta lehen mailako materialik ez eduki nahikoa baitira bi haur horiek udako egunik hoberenak pasatzeko.

Haur horietan pentsatzen ni eta nire anaiaz gogoratzen naiz eta lastima ematen dit beraien herriko igerilekuez nik dudan oroitzapen bereberak izango ez dituztela pentsatzeak. Hori bai, beraien herriak punta puntako instalazioak ditu… nahiz eta beraiek ez erabili.

Betiko kontua da. Munduko intalazio modernoenak izan behar ditugu, hoberenak. Etor daitezela espainiar estatu guztiko udalak gure instalazio moloiak ikustera. Esan dezatela leku guztietan Europako kiroldegirik in-ena dugula Beasainen nahiz eta Beasindarrok, nahiago genukeen igerileku-gune sinpleago bat izan eta 5 eurotan barrura sartu. Azken finean, pentsatu dezatela herrian herriarentzak gauzak egitean… Bitartean Ormaiztegi eta Zegamara joaten jarraitu beharko dugu…


Utzi iruzkina: