Tenerife: marraskiloa martxan da
Eta hasi da martxan berriro marraskiloa. Sartu gara Banba gure furgonetaren barruan eta bagoaz, fristi-fristi, sosiuz, Kanariar Irletan zehar.
Tenerifen gaude. Hasieran, Santa Cruzeko aireportutik irtenda, Guatemala etorri zitzaidan gogora: hango mendi bolkanikoak, koloretako etxe txikiak, trafikoa, eguraldi epela… badu antzik tarteka. Hizkeran, jendearen traturako berotasunean, esan ahalko nuke Amerika dela.
Abenduaren 1eko manifarekin ez ginen ahaztu, eta Playa San Juanen argazkia atera genuen. Guk argazki tropikalak aterako ditugu, guk ere euskaraz bizi nahi dugulako!
Lehenengo jolasak haretan, uretan, eguzki epeletan… aaaaa…. hauxe nahi genuen ba!
Erritmoa hartzen ari gara furgonetarekin. Uste baino errazago moldatzen gara gainera. Dutxa beroa nola hartu asmatu dugu, Maiarentzan bainera inprobisatu dugu (arropa garbitzeko ere balio diguna), eta leku txikian gustora gaude, gure maskor txikia, astiro baina denera iristen da, eta bere goxotasunean hartzen gaitu. Hori bai, euliak hemen ere, horretatik ez gara libratu! Eskerrak moskitera moduko bat ere inprobisatu dugun eta ari garen hegalariok kanporatzen…
Amamarentzat: Maia bere telefonoarekin: "Bai, amama, bai, porru-patatak ipini, e? Eta leka-patatak, eta sopita…Bai, ipini, e, amama? Bale ba, aio pelaio azenaio!"
Arrantzale asko ikusi ditugu bazterretan, kaioak dirudite haitzarte handien artean geldi-geldi daudela, arrainen bat noiz agertuko zain. Patxadaz egoten dira, hizketarako gertu gehienetan. Ura hain garden eta garbi, arrainak ikusi egiten dira nahiko sakonean dabiltzala ere. Karramarroak eta olagarroa ere ikusi ditugu, Maiaren zoramenerako. Iñigo saiatu da saiatu baina oraindik ez du berak harrapatutako ezer jan. Urdin koloreko bat harrapatu omen zuen behin, baina ederregia ei zen eta askatu egin zuen. Hori dio berak…
Los Silos, edo Aragume (guantxeek hala deitzen zioten, zerealen gordelekua), leku klabea izan da. Guk jakin ez eta ipuin kontalarien nazioarteko jaialdia egokitu zitzaigun bertan. Arropak ikusi genituen soketatik zintzilik kaleetan, alderik alde, eta "hemen badago ba zerbait interesgarria", pentsatu genuen, eta bertan geratu ginen lotan. Bai egon ere! Eta hara non hurrengo goizean Rosi eta Aray ezagutzen ditugun eta esaten dioten Iñigori: "¿Pero de verdad que no sabes que hay un festival de cuenta cuentos? No me lo puedo creer". Pare-parean tokatu ere, jaialdia eta Rosi. Lau egun pasatu ditugu bertan, kuadrilla berri batekin, hizketan, barrez, bazkaltzen, egonean, gustora. Hauxe nahi genuen eta honetxekin topo egin dugu. Gonbidatu gaituzte dagoeneko beraien etxeetara, baita bakoitzaren proiektu interesgarri batzuetara ere (finka ekologikoa, hezkuntza proiektu autogestionatua…).
Jaialdia ona izan da. Han eta hemen, eta egun guztian zehar, ipuinak, musika, liburu azoka txiki eta ederra, ilustratzaileak marrazten, artisau postuak, zaldiko-maldiko ekologikoa… giro bikaina. Dena ondo antolatuta eta detaille askorekin. Merezi izan du. Gainera furgoneta eduki dugun lekua ere ikusgarria izan da. Tenoko parke naturala ezagutzeko lehen lekua izan da eta benetan gozagarria. Haitzarteak, etxeak, mendi berdeak, flora berezia, muskerrak, itsasoa… liluratuta utzi gaitu. Tenoko faroa, Teno Alto, El Palmar eta Masca. Kurbaz betetako bideetan, energia eta edertasunez betetako lekuak.
Jatekorik ez jaku falta, amatxo!
Faro de Teno. Latza.
Zaldiko-maldiko ekologikuak, bizikleta batekin mobitzen diranak. Holako bat Plaza Zaharrian?
Ume danekin jolasian ibili zan, libre-libre.
Masca ingurua, benetan berezixa. Postaletakua.
Iruzkinak
Maite 2012-12-13 12:33 #1
alaaaa!

Zenbat sentipen eragin dostazen zuen hitz bakoitzak, dana irudikatu dot, nere koloriekin, marra eta borobilekin... barre txikixak urten dozta, baina ezin ebitau inbidixiak be kukua eittia!

Dana dala, posten naiz pila bat zuengaittik! Gozatu polittak eta laztan bana danontzako! Txiki eta berezi bat "Pipi" txikixantzako!

paaaaaa

violette 2012-12-13 22:03 #2
baina baina ze da hori?? gora platano canariuak! con sus puntitas!
ze guapa maia trajetxo horrekin!
ze guapos danok... lasaittasunak eta zorionak bat guapa jartzen dabe!
mila muxu goxo.
Utzi iruzkina: