Fuerteventura, haize, ur eta hondar
La Palmatik Fuerteventurara bidean, Tenerifen geldialdia egin genuen, aittitta-amamen bisita jasotzeko. Ostean Teideko kañadetan izan ginen, elurtuta zegoela. Ikusgarria zenbat jendek gozatzen zuen goialde horretan metro karratuko elur piletan, paipuekin, plastikoekin labantzen, elur bola egiten, panpinak autoen kapotean ipintzen... Elur oso gutxirekin, poz haundi bera.
Fuerteventurak badu haizetik, baina gehiago edertasunetik. Desertu hutsa batzuentzat, desertu osoa besteontzat, mila koloreen irla omen, Biosferaren Erreserba dena, ahuntz gaztaren zaporea, kresal usaina eta harri bolkanikoen laztasuna laztan. Geure egin dugu edo bere egin gaitu, liluratu, Maxorata zaharrak. Herri txiki sakabanatuak, harriak, likenak eta harea nagusi diren lur honetan.
Jandiako itsasertzak
Itsasoa harutzago eta harutzago eta harutzago. Harea, harriak eta sastrakak. Eta segi horrela eta segi horrela. Olatuen burrunbada, beste hotsik ez dago. Eta egon eta egon. Izan. Azkenean geldi eta bakarrik eta lasai. Jendartean, herri eta hirietan egun gehitxo pasatu ditugu eta horrelako leku batera heltzeko beharrez nengoen. Harutzago eta harutzago dauden pertsona apurrekin gozamen hau isiltasunean, errespetuan elkarbanatzeko. Ez dut sentitzen erabat bakarrik gaudenik baina sentitzen dut batak besteari behar duen lekua uzten diogula, ulertzen dugulako hona datorrenak eta geratzen denak (argazkiak atera eta alde egiten duenak ez bezala) lekua, denbora eta isiltasuna behar dituela bertako energia, indarra edo dena delakoa xurgatzeko, jasotzeko, gozatzeko, bat egiteko. Itsasoari begira, lehen arnasa hartzeko, berriz ere. Sentitzen dudalako leku hau duela 2.000 urte, 20.000 urte edo 2 milioi urte berdin-berdina zela.
Zeinek esango zigun eguraldiaren mapan agertzen den kuadro baztertu horren barruan dauden irlak hain ederrak eta gozagarriak izango zirela? Badago kamiseta bat, irudikatu: kamiseta, erdian kanariar irla guztiak marraztuta, eta bazter batean kuadro batean sartuta penintsula txiki-txikia. Eta azpian dio: “¿A que jode?”. Horixe zelakoan gu, han nonbait, Afrikaren parean dauden harri pusketa batzuk, nondik gorri-gorri eginda etortzen den jendea bertako hotel eta hondartzetatik bueltan. Ba ez. Ez hori bakarrik behintzat. Zerbait usaintzen genuelako etorri ginen, egia aitortzera, baina ez genuen topatu dugunaren erdirik ere espero.
Cofete
Berriz ere Cofeten. Inspirazioa beste ezer hazten ez den basamortu honetan. Neure buruarekin bakarka, musikaren letrei adi, gogoetan egosten. Anariren harri eta minak, Duo Jaderen lurra eta goxoa, Txumaren urbanismoa eta malenkonia. Denak daude hemen.
Maite dut bidaiak ematen duen lur eta aire berria, hegan egiteko, nor naizen ikusteko zeru altutik, eta bidea hobeto usaintzeko behe-lainoz eta landaredi gehiegiz inguratuta nagoenean. Joan, arinago etortzeko, sustraituago, orban berriz apaindurik, ederrago, beti ederrago, bihotzeko berunak jaurtitzen ditudalako ozeanoko zulo handira. Mozorroak kenduta, nere intimitatean biluzten naizelako. Eta ez, nik ez dut inoren izara artean ezer galdu, neurekin nago. Goroldioa kenduta, harri frexko.
Bi ikasgai behintzat atera ditut bidaia honetatik eta ez garrantzi txikikoak. Bertakoa izan eta irla hauetako bazterrak oso ondo ezagutzen dituen jendeari eskerrak, Euskal Herria zeinen gutxi ezagutzen dudan konturatu naiz, zenbat paraje eta jende eder falta zaidan ibili eta ezagutzeko. Zer gomendatuko nieke gurera datozen kanariar lagunei? Badaukat hutsunerik. Bestetik bidaia honetan zehar momentu askotan sentitu dut zoriontasuna, zorion sinple eta gizatiarra, lasaitasunarekin, umore onarekin, naturarekin eta elkarbanatzearekin lotutako une miragarriak. “Zoriontsu naiz orain eta hemen” sarri esan diot neure buruari. Bidaia bizimodu bihurtu eta zoriontsu izan. Maiak “bainaguria daukat” dioenean, hirurok furgonetan afaltzen ari garenean, itsasertzean edo mendi puntan bakarrik nagoenean, lagun berriekin berbetaldian. Une txiki eta zoragarriak. Asko.
Romanen etxean
Gran Tarajal herria, mural ederrez josita dago.
Tiscamanitako errota. Asko daude irlan zehar.Gofioa egiteko erabiltzen zituzten.
Ura lurpetik ateratzeko errotak.
Romanek idatzitako bi liburuak. Ederrak eta gomendagarriak.
Lagun berriak Maxorata zaharrean, eta ez nolanahikoak. Roman Morales egin dugu lagun, bidaiari eta abenturazalea, idazlea eta kontalari aparta. Hego Amerika goitik beheraino Andeetan zehar gurutzatu zuen oinez hiru urte eta erdian eta ibaietan gora eta behera ere bai beste zeharkaldi bat kanoa baten barruan arraunean. Bi bidaiotako kontakizunak liburu banatan jasoak ditu eta horiek saltzen ezagutu genuen gabon aurretik Tenerifen. Fuerteventurara etortzean deitzeko gonbitea egin zigun orduan, eta guk deitu. Arropak garbitu beharraren aitzakiarekin eta tragoren bat hartzeko gogoarekin, hitzordua ipini genuen. Tragotxo bat izan behar zuena astebeteko egonaldi bihurtu zen. Etxean hartu gintuen, majoreroen etxe eder eta fresko batean, eta garbigailua erabiltzeaz gain, elkarrekin berbetaldi luzeak, barre asko egin eta inguruak ezagutzeko aukera izan genuen elkarrekin. Lagun handia egin dugu.
Risco el Paso hondartza ederraren muinoan.
Betancuria herrian. Parkea baino asko ederragoa da irlako lehen herri poblatua.
Iparraldeko itsasertza.
Euskal Herriko lagunak ere izan ditugu bisitan. Asko eskertu eta gozatu dugun bisita. Gure furgoneta, Banba, bete-bete eginda ibili da hara eta hona, leku berrietan, modu berrietan. Tindayan izan ginen elkarrekin, irlakoentzat mendi sakratua, harri argiz osatua, eta Txillida zenak zulatu nahi izan zuena. Irlaren laurdena behintzat ikusten da han goitik. Cotilloko hondartzak ere bai, hondar zuri eta ur gardenetako hondartza txiki, bare eta paradisukoak. Eskerrik asko Naiara eta Eneko, egun eder hauengatik.
Tindaya
El Cotilloko hondartzak, hare zuri-zurizkoak
Iruzkinak
Altsasukoak 2013-04-18 14:18 #1

Zelan sosiuztarrok? Atlantidatik ezin itzuli?
Zelako inbirie!
Segi bizkor!

Arianne 2013-04-21 21:17 #2

Aupa altsasuarrak! Berriz ere sorpresa, aizu! Gustatu zitzaizuen irlaren hegoaldea? ederra, ezta? Fuerteventurak txoko berezia lortu du gure bihotzean. Hemen jarraitzen dugu, orain Lanzarote aldean eta ez daukagu etxerako presarik!jj

Pozik bizi eta hurren arte!

Utzi iruzkina: