Barne bidaia: edertasuna sortzen
Kaixo ttiki, ondo etorri!
Pentsatu dut egunen batean nahiko dituzula nere sabelean pasako dituzun 9 hilabeteotako zure amaren bizipenak ezagutu. Zer hoberik gutunak bidaltzea baino, noizbait irakurriko dituzu eta.
Ereindako hazitxoa, ernetzen ari zara, hazten, hazten eta hazten. Mendeak behar dituen edertasuna loratzen ari da nere barrenean. Ezin duzu imajinatu ere egin zure etorreraren berri emateak zenbat irripar eta zorion sortu duen. Banekien haurdun egotearen albistea beti ondo hartua eta pozgarria izaten dela, baina ez nuen hainbesterakorik espero. Hori poza! Horrek maitasun muxu eta besarkadak! Irripar zabalak! Hain gertukoa ez denaren irripartxoa ere, nik ere badakit... esaten duena. Hainbeste zorion sortzen ari zara, oraindik argitara etorri ez zaren horrek. Oraindik lehenengo ernemuina irten zaion baba-aletxo baten parekoa zaren horrek. Baina hain gozoa izan ere!
Eta noiz jakin nuen zure berri? Uste dut sortu zinen momentua zein den
ere badakidala. Ezin esan zergatik, baina noizkoa zaren ere sentitu
egiten dut. Eta harrezkero nere gorputza aldatzen ari da: bularrak
handitzen ari zaizkit, haizea gora eta behera dabil nere barrunbeetan
zehar, janariarekin oso mizkin nabil, nekatu egiten naiz, lo pilo-piloa
egiten dut... Zenbat eta zenbat aldaketa sortu dizkidazun. Baina oso
ondo nago, denek zaintzen naute, goxo-goxo, behar dudan guztia ematen
didate. Ezin dut gehiago eskatu.
Louis Amstrongen "What a wonderful world" entzuten ari naiz, eta halaxe imajinatzen dut zure etorrera ere, mundu koloretsu maitasunez betea, bluesaren ikutuarekin. Ederra kantua, ezta? Denetik entzungo duzu hor barrutik, baita Ventos de Saudaderen kontzertuetan nirekin batera fadoak abestu ere (baina xuabe, mesedez, ea norbaitek entzungo zaituen...). Ez zaizu doinu ederrik faltako belarritxoetan.
Ez zaizu ezta norekin jolasturik faltako. Ez herrian ezta kanpoan ere. Inguruko asko daude haurdun, gu bezala. Hor zehar, Buenos Airesko Tigren Rodo eta Flaviaren mutikoarekin txipli-txapla ibiliko zara; Atitlaneko lakuan Tony eta Catalinaren neskatilarekin arrainak harrapatzen irrist eta irri egingo duzu eta Suitzako Alpeetan Audrey eta Vincent-en bikiak zain izango dituzu elur pilotekin borrokan egiteko. Denak zure adinekoak gainera! Hau politta! Desiatzen nago zuek denokin jolasean egiteko!
Iruzkinak
Fufur 2010-02-17 13:09 #1
Aupa Ariann.....e!

Joe, ze sorpresa politxa!

ZORIONAAAAAAK!

Pilua pozten naiz! Ia dana ondo doian!

Muxu handi bat eta ia egoten garan.

Utzi iruzkina: