Bidea hasi da
ARGATE-SORALUZE-IRUÑA-MADRID
Bi lo eta bostpasei loaldi egin ostean helduko gara. Derrepentean allegatzea baino hobe. Legarda eta Patriciarekin Iruñako bazterretan lasai ibilita "oporretan gare!" esan eta sinistu genuen pausoz pauso. Eta konprobatu nuen (zertaz dihardudan dakizuenontzat): Legarda existe!
Madriden berbetaldi interesgarriak izan genituen Pepo eta Enekorekin, Guatemalako proiektuarekin eta hango jendearekin elkarlanean diharduten bi gizon jator, indartsu eta sentiberak. Hobe nuke esan entzunaldiak, Enekoren jarioa ez delako erraz bukatzen. Zorionez kontakizun denak gozamenez entzuteko modukoak dira eta orduak eta orduak aspertu edo nekatu gabe egoteko modukoak. Plazer haundi bat lagunak ezagutzea eta berriz ezagutzea. Orain lagun gehiago ditugu zain Ameriketako lurretan.
Zeruan gaude, hegan, baina horrek ez dauka zer ikusirik txikitan hegan egiten nuela amesten nuen harekin, flotatze harekin, hegazkinean Txirri, Mirri eta Txiribiton bakarrik ibiltzen zirela uste nuen orduan eta. Ezta hil ostean onak eta pekatu gabekoak hartuko dituen paradisuzko zeruarekin. Ez naiz garai bateko umea, eta nik dakidala hilda ere ez nago.
Laino batzuek artetik, eguzkiak itsutzerainoko argitasuna urezko artaldeetan islatzen du eta azpian dagoen urezko itsaso urdina ere erakusten digu metalezko txori honen barruan goazenoi. Jende artean egoten ez dakigun jende itxurakoori. Jana ez bada, edana; musika ez bada, pelikula; aldizkaria ez bada, liburua. Aspermenaren aurkako produktuak batetik eta bestetik. Eta hainbeste jende desberdin, bidaiari, abenturazale 20 metro karratutan egon arren, txintik ere ez da entzuten. Hegazkinaren zarata dexentekoa da baina mututasuna ez da zarataren jasanezinagatik. Aldamenekoa frantsesa ez balitz...
Iruzkinak
naiara 2009-01-23 19:21 #1
<P>oso ondo pasa bikote!!Ari pena azkenean ezin geratzea kartak emateko, baina Guaten zaudetenean mailes bidaliko dizkizut!</P>
<P>muxus ta asko disfrutatu!!!</P>
Utzi iruzkina: