Agüita, Benahoare!
La Palmari Beahoare esaten zioten bertakoek, irla polita izendapena jarri aurretik, konkistatua izan aurretik. Kobazuloetan eta harri eta egurrezko etxoletan bizi ziren garaian. Afrika iparraldeko amazigez populatu omen ziren irla hauek eta hango Neolitikoko bizimoduarekin iraun zuten, asko usteko batzuek bertan lur hartu eta behaoaritak (eta gainontzeko jatorrizko herritarrak, beste irletan) mendean hartu zituzten arte. Kristautu, ohiturak aldarazi, mendietatik herrietara jeitsiarazi, izen-deiturak aldarazi, esklabu lanetan erabili, deserriratu, erahil… Betiko estiloan.
Belmaco inguruan, hegoekialdean, izan dugu sasoi bateko irlako biztanleen bizilekua eta bizimodua ezagutzeko aukera. Kobazuloak, artzantza (ahuntzekin gehien bat), fruitu eta muskuilu bilketa, arrantza, zereal batzuen laborantza, harri-, egur-, hezur-, larru-lanketa, zeramikazko ontzi ederrak, eguzkia, harrietako glifoak, ibaiak eta itsasoa. Horixe egunerokoa. Erregeak agindu eta gainontzekoek bete, orduan ere.
Sasoi hura baino askoz lehenagotik bada oso antzinakoa den eta gaur egunera arte oso ondo mantendu den laurisilva basoa. Berez behar lukeena baino sail txikiagoa du gaur egun, gizakiak egindako erabilpen gehiegizkoagatik, baina ikusgarria izaten jarraitzen du. Isiltasunean, txorien kantuak eta uraren hotsa entzunez, basoan zehar, izan nintekeen Katalintxe sendabelar bila, Mariren begiradapean, Anbotopean. Magikoa. Pentsamenduek ere beste sakontasun bat, zahartasun bat hartzen dute horrelako basoetan. Ura, berdetasuna, edertasuna.
Cubo de la Galgara bidean
Laguna de Barloventotik Tilos aldera
Almendroak loran
Marcos y Cordero ur-jaiotzetan barrena, tuneletan zehar
Irlara heldu ginenean, hiriburutik gertu geratu ginen, hondartzaz eta egiten zuen aparteko eguraldiaz gozatzen. Hiriburuak harritu egin gintuen, ez genuen hain ederra espero. Alde zaharra zoragarria da, garai bateko etxeak, koloretakoak, egurrezko balkoiekin, kaleak adokinekin, dena oso zainduta… tarteka Buenos Aires ematen zuen, Gardelen doinuetan. "Gustora ibiliko gara hemen", pentsatuz, joan ginen Playa de Nogaleserantz. Furgonetarekin lasai egoteko lekua zela eta. Gauez iritsi ginen eta milaka izarren mantapean liluratuta geratu ginen. Zelako zoriona sentitzen den halako ikuskizunaren azpian. Lepoa oker-oker eginda, izar iheskorreri begira. Zoriona.
Hurrengo eguna ez zen txarragoa izan. Dordokek aukeratzen duten hondartza, nola ez da ba paradisua bera izango? Ez genituen ikusi, dordokak, baina gozatu genuen. 500 metro edo gehiagoko haitzez inguratutako hondartza luze beltza, huts-hutsik, bilutsik, geuretzat. Abandonatutako irla batean abandonatuta moduan. Ahaztezina.
Ez dut nik hain km gutxian hainbeste leku babestu ezagutu. Dena da biosferaren erreserba, itsas erreserba edo babestutako eremu. Macaronesian beste inon aurkitu ezin daitekeen laurisilva, sumendiak, haien arrastoak, pinudi ikusgarriak, ur epeleko putzuak… zentzuen gozamenerako. Ibilaldi interesgarriak egin ditugu. Eta onena da, mendietan ibili ostean, ia 2.000 metro (eta nahi izanez gero, gehiago) inguruan ibili eta gero, ordu laurdenean hondartza beltz eta ederren ondoan lo egin daitekeela, epel goxoan, eta bainu bat hartu, uretan dabiltzan kolore, forma eta tamainu askotako arrainen artean.
Fuencalienteko faroan iluntzea
Zamora hondartzaren aldamenean
Caldera de Taburienteko ibilaldia
Los Indianos, jai ederra
XIX. mendean krisiak jo zituen irlok, orduan ere, eta milaka lagunek Kubara alde egin zuten, han bizimodu eta etorkizun hobea lortuko zutelakoan. Denek ezin jakin, baina batzuek lortu zuten, bizimodu hobea ez ezik, dirutza egitea. Harro-haizeak ekarrita, ehundaka itzultzen ziren irlara, irabazitakoa erakustera, besteen gainetik ibiltzera, besteenak baino etxe ikusgarri eta ponposoagoak eraikitzera (ai, baina nolatan? Hain dira ederrak etxe kanariarrak!). Indianoak esaten zieten. Eta gertaera hori eszenara ekartzeko, duela urte batzuk Santa Cruz de la Palman antzezpena egiten hasi ziren inauterietako astelehenean. Egurrezko barku handi bat ipini zuten herriko plazan eta handik jeisten zen “La Negra Tomasa”, jaiari hasiera emanez, sasoi hartako algodoizko jantzi zuri eta bexak soinean zeramatzaten andre, gizon, haur, gazte eta agureekin batera. Gaur egun masifikatu egin da festa eta kanpotik etorritako milaka lagunez, zuriz jantzita denak, betetzen dira herriko kaleak. Parrandak deitzen dieten taldetxoak gitarra doinuz Kubako kantu tradizionalak jotzen dituzte eta inguruan jendea batzen zaie, kantura, dantzara eta talko hautsak botatzera. Bai, talko hautsa toneladako isurtzen da egun horretan hirian. Dena gehiago zuritzeko. Nahastutako bi tradizioren eraginez. Talko hautsak botatzearena oso errotutako kontua da irlan. Otsaileko lehen asteburuan Puntagorda herrian almendrondoen festa egiten da (guk ez dugu ezagutu, zoritxarrez), eta haien loratze ikusgarriari omen eginez, talko hautsak botatzen hasten dira. Eta hasiz gero, segi eta segi. Inauterietako ospakizun guztiak bukatu artean, talko hautsak bazterretan. Otsailaren azkenetan gaudela ere, aratosteek jarraitzen dute. Festarako aukerarik ez dute galtzen.
Gozatu genuen jaia guk ere. Goizean goizetik dotore-dotore jantzi, zuri-zuri, eta lagun taldea batu ginen, Tenerifetik etorritako kuadrillarekin batera. Kantuan, dantzan, mojitoak edaten, ikuskizunarekin gozatzen, gauera arte. Domentx, Jon eta Andoni, imajinatzen zintuztedan bertan, jaiari kolorea ematen eta gozamen betean. Tenerifeko Santa Cruzeko ihauteriek dute fama gure lurretan, baina hauek aukeran, askoz hobeak. Giro naturalagoa, musika dantzagarriagoa eta mojito gozoak!
Iruzkinak
mi 2013-02-26 10:40 #1
Ari!!!
Zer moduz? Zelako paisaje polittak!! Hemengo manta, katiuska, xira danak alde batera laga eta salto batian jungo nintzan hara!!
Patxo haundi bat Plaentxia aldetik!!
Utzi iruzkina: