Esku pilotaren funtsezko arauak
Lehiaketa arautua
Arruntena bi edo lau pertsonak jokatzea da (banaka edo binaka). Lehiaketa arautuetan, alde bat gorria izango da, eta haren aurkaria urdina. Buruz buruko txapeldunak beti gorriz jokatzen du; bestela, jokalari zaharrena izango da gorria (eta, binaka jokatuz gero, haiekin batera doazenak ere gorriz arituko dira). Binaka jokatuz gero, bikoteko jokalari bat aurrean arituko da, eta bestea atzean. Nork atera behar duen erabakitzeko zozketa egiten da, alde bat urdin eta bestea gorri dituen metalezko xafla biribil batekin gehienetan.
Tantoa irabazi duenak edo taldeko aurrelariak sakatzen du. Oro har, sakatzailea 6 koadroan hasten da lasterka, 4an pilotari botea eginarazi eta aurreraxeagotik sakea egiteko. Sakea ona izateko, zoruko zabaleko marraren, «labur» edo «motz» dioen marraren eta «pasa» dioen marraren artean egin beharko du punpa pilotak, frontisa jo ondoren; |
jokalekuko mugak markatzen dituzten marra horietako bat ukituz gero ere, ez da ontzat hartuko sakea. Hala ere, bigarren sakea egiteko aukera izango du, baldin lehenengo aldiz sakatzean pilotak frontisa eremu egokian jo ondoren lehenengo botea zabaleko marratik barrura eta pasako marratik atzera (edo marra horietako edozein ukituz) egiten badu.
Puntua lortzen da beste taldeak ez badu lortzen pilotak frontisa jo dezan beheko txaparen, goiko txaparen eta frontiseko eskuin marraren artean (betiere, txapa eta marra horiek ukitu gabe), eta ondoren pilotak botea egin dezan jokalekuko zoruko mugen barruan (eskuineko marra ukitu edo gainditu gabe). Pilotariak pilota jo baino lehenago pilotak bote bat baino gehiago egin badu, aurkariarentzako tantoa da. Jokalariek ezin diote pilotari eutsi (sakatzeko baino ez), kolpekatu behar dute halabeharrez. Pilotari eustea, atxikia da. Partidak 22 tantora izaten dira, denbora mugarik gabe.
Lehiaketa arautugabea
Herrietan, askotan dozena bat ume elkartzen dira esku huska pilotan aritzera, eta, tantoa egiteko modua berdina den arren, eskuarki ez dira aritzen bi alde elkarren aurka, baizik eta tantoa galtzen duena kanporatzen da, jokalari bakarra geratu arte: hura da irabazlea.[1] Lehiaketa ofizialetatik kanpo, orobat, partidak askotan 22 tanto baino gehiagora edo gutxiagora jokatzen dira, edo bi hiruren kontra, lau lauren kontra...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: