SOLASPOTEOA
2011ko ABENDUKO EKINTZA OSAGARRIA - SOLASPOTEOA
Solaslagunan ere ohiturak sortu eta mantendu nahi ditugu, eta dudarik gabe, hau izanen da gurea, lehenbiziko ekintza osagarria SOLASPOTEOA.
2008/09ko ikasturtean Elizondon egin genuen, hau izan zen Solaslagunaren historiako lehenbiziko ekintza osagarria. Oraindik ez genuen elkar ongi ezagutzen, gauzak horrela, lotsak galtzeko, elkar ezagutzeko eta lagunak egiteko, honelako jarduera bat antolatzea interesagarria ikusten genuen. Eta emaitzak onak izan ziren benetan! Hasieran, jendea, bere taldetxoetan biltzea izan zen joera, baina garagardoak eta pintxoak atera, jan eta edan ahala, giroa epeltzen joan zen. Taldeak eta jendea elkarren artean nahasten hasi zen, eta azkenik Jaime Urrutia Karrikan barrena, Fanfarremifa taldearen laguntzaz, talde handi eta bakar batean akitu genuen dantzan, denok lepotik hartuta. Ikaragarria, a zer nolako giroa, zer nolako jarrera baikorra eta euskaraz bizitzeko eta lagunak egiteko gogoa. Ederki pasatu genuen.
Iaz, Malerrekan Solaslagunean egon zen gorakada ikusirik, Donezteben bertan egitea deliberatu genuen, berriz ere, aitzineko urtean bezala, taldea batzea lortu genuen. Musika eta euskal kantak zaharra ere beren lekutxoa izan zuten, eta gu, solaslagunok izan ginen bestaren parte hartzaile protagonistak. Euskal kanta zahar batzuk kantatu eta gero, Batugaitu taldearen laguntzaz, erritmo ikaragarria izan genuen arratsean zehar gure gorputzetan. Herriko ostatuak ere ongi portatu ziren gurekin, eta beraiek ere, eskertu ziguten herrian jarritako giroa. Argazkiak blog honetan ikusgai dituzue, gibela jotzea bertzerik ez duzue.
Aurten Bortzirietan egin beharra genuen saioa, Solaslaguna eskualdekoa da eta, ekintza hauek mugituz joan behar dute. Beraz, aurten Berarat jo dugu gure ikasturteko lehenbiziko ekintza honetan.
Baztan eta Malerrekakoek Baztanesa hartu eta Berako elkarte baterat joan ginen denak bazkaltzerat, bakoitza bere taperra eta ogitartekoak eraman zituztelarik. Bertan, Bortziritarrok genituen zain, mahaia paratua eta dena prest. Ongi etorri ezin hobea egin ziguten, ez dago dudarik!! Trikitilariak eta pandero-jolea ere egon ziren gurekin, ostatuz ostatuko giroan lagunduz. Gaztetxetik, Txalaparta jautsi zuten herrirat eta jotzeko aukera ere izan genuen. Azken aldi honetan, txalaparta ere Solaslagunen taldekoa da. Gutako batzuk iaz egindako ikastaro batean ikasteko aukera izan baikenuen baita Malerrekan egindako aurkezpen-luntxean ere. Eta horrela, joan zitzaizkigun orduak, Baztan. Malerreka eta Bortzirietako Solaslagunak elkarrekin, harremanak landuz eta sendotuz goaz poliki-poliki. Esker mila ere gurekin parte hatu zuten herritarrei.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: