GORPUTZ HEZKUNTZAN ORDU MURRIZKETARIK EZ

sohat 1456152723757 Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldea | 2007-09-28 17:50
1

Guraso eta herritarrok:

Ikasturte hasiera dela eta, aurtengo ikasturtean gauzatuko diren hainbat aldaketen berri ematera gatozkizue. Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza (6-12 urte artekoa) ezartzen duen Dekretuaren zirriborroan, Euskal Curriculum Berria deiturikoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ondorengoa du helburu nagusitzat: “gizakiaren gaitasun guztien garapen integrala; hau da, gaitasun motore, kognitibo, komunikatzaile, sozial eta afektiboen garapena”.
 
Curriculum berri honetan kaltetu nagusia Gorputz Hezkuntza arloa da, ia  %40ko murrizketarekin. Dekretu honekin Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek beraien gorputz eta motore gaitasunak garatzeko eta ariketa fisikoa egiteko eta ohitura osasungarriak eskuratu eta garatzeko denbora erdia izango dute.
  
Lehen Hezkuntzan adibidez, orain arte Gorputz Hezkuntzari astean 2,5 ordu eskaintzen bazitzaizkion, Curriculum Berriarekin ikastetxe bakoitzak bete beharreko gutxiengoa 1,5 ordukoa izango da, ikastetxe bakoitzari beharrezkoa ikusiz gero ordu gehiago eskaintzeko emango zaiolarik, erabilpen askeko orduak eta ikastetxearen autonomia pedagogikoaren bitartez.
 
Hala ere, ikastetxeetako errealitatea ezagututa, zaila ikusten dugu ikastetxeek Gorputz Hezkuntzari denbora gehiago eskaintzea, eduki kognitiboei ematen zaien garrantzia eta gure agintarientzat gorputz eta motore garapenak duen garrantzi gutxia ikusita. Beraz, nola lortu behar dira GAITASUN MOTOREEN KONPETENTZIA (Curriculum Berri honetan modan dagoen hitza) MINIMOAK? Astean gorputzaren lanketari ordu eta erdi eskainita nola lortu daiteke GARAPEN INTEGRALA? Ez al da bada gorputz eta motore garapena adin hauetan garapen kognitiboa bezain garrantzitsua? Nora nahi dute iritsi Gorputz Hezkuntzako ordu murrizketa hauekin? Hurrengo neurria zein izango da, Gorputz Hezkuntza curriculumetik kanporatzea?...
   
Curriculumaren eta egungo gizartearen norabidea ikusita Gorputz Hezkuntzak berebiziko garrantzia duela nabaria da: arlo hau ez da mugatzen gaitasun fisiko eta motoreak garatzera soilik, izan ere, ariketa fisikoa eta kirola egiteko ohiturak eskuratzeko lehendabiziko aukera eta baliabidea baita; beti ere haurrak norberaren eta besteen gorputza ezagutuz, onartuz eta errespetatuz, aniztasuna onartzen eta baloratzen irakasten dute; elkarbizitzarako baloreak (arauen errespetua, elkarlana, kooperazioa, hezkidetza...) landuz... Hau guztia, sedentarismoa, loditasuna, anorexia, bulimia, drogamenpekotasuna, ariketa fisikoaren uzte goiztiarra, genero biolentzia...bezalako gizarte arazoei aurre egiteko.
   
Azken batean, Derrigorrezko Hezkuntzaren helburu den haurraren garapen integrala ziurtatzen duen arlo bakarra Gorputz Hezkuntza da. Antza denez, BATZUK ez dira konturatu oraindik Gorputz Hezkuntzaren balio hezitzaileetaz.

Honekin guztiarekin ados bazaude eta Gorputz Hezkuntzari behar duen trataera emateko eskaerarekin bat egiten baduzu, eskualdeko herrietan abian jarri dugun sinadura bilketan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu,

MURRIZKETARIK EZ, GORPUTZ HEZKUNTZAKO ORDU GEHIAGO ALDARRIKATZEN DITUGU

Sinadura bilketa tokiak:

  •     Markina-Xemein: Atxondo Kiroldegia.
  •     Ondarroa eta Lekeitio: Lankei bulegoak.
  •     Mutriku: Kiroldegia.

Nerea Arrizabalaga eta Jabi Gorbea – Gorputz Hezkuntzako irakasleak.

2007-11-15 02:19 #1


Utzi iruzkina: