Topa
harean ahate herrenaren oinatzak uzten zituen
neskagatik.
Oinatz bakoitzaren barruan ezkutatzen ziren
gure asaben opiozko argazki sepiengatik,
zure apartamentu titanlux usain berrituan
zintzilikatu eta urkatu dituzun
Nikolas Lekuonaren koadroengatik.
Ukitzean pozoi eta ke bihurtzen diren
laranja esferatuen zaporeko hitzengatik.
Barkamena erlojuen barruan
sartzen ez zela esan zuen keroseno saltzaileagatik.
Toalla zuri bat astinduz bake zeinua egin zuen
hitz ezinbestekoaren xerkatzaileagatik.
Santimamiñeko bisontea margotu ondoren akiturik
otso beltza larrutu eta bere odola edan zuen
aztiagatik,
azti beltzaren odola edan zuen
otsoagatik,
hormako bisonteari begira liluratu ziren
homo homini eta lupus lupi guztiengatik.
Casablancako piano barruan esbastika itxuran
kizkurturik bizi zen legez kanpoko etorkinagatik.
Ontzia jo zuen izebergaren damu isil
edo aitortu gabeko satisfazio harengatik,
klarinetea abandonatu eta uretara jauzi egin zuen
orkestrako gazteagatik,
Titanic izeneko hiltegietako txahalen
begi irekiegiengatik.
Jon Miranderen anfibio disekatuen bildumako
igel bategatik.
Itxoin Itxoin Apur Bat edo Trena Galduko Dut Maitea
edo antzeko esaldiak toteldu
edo sikiera noizbait pentsatu izan dituztenengatik.
Trenbidean harri trokoen ordez marrubiak dauden
erresuma faltsu eta ederragatik,
suizida asetu eta musugorrituengatik.
James Deanen irudi eskubideen
ustiapen egokiagatik.
Sherpa hasberriak sei mila metrotan erre zuen
Ducados zigarroaren azken kaladagatik.
Jennifer Jason Leigh Georgia filmeko kartelean
eserita zegoen ohe deseginagatik.
Jennifer Jason Leigh beragatik.
Aire katastrofe bat gogorarazten duen besarkada
ezusteko eta samurragatik.
Egunsentiro oilarren mokoa bozatzen duen
alanbreagatik.
Tabernazuloan desorekatzen diren Philippe Petit
ekilibrista koldarrengatik.
Eguzkiaren lehen izpiek eragindako
errezo epelaren aurretik eztarria
garbitu beharrik ez duen haurragatik.
Lazkao Txikiren aterkiagatik.
Umorea galdu gabe desesperatzen dakitenengatik.
Edozein blues kantariren hortzetako zepilloagatik.
Raymond Carverrek idazmakinaren kontra
txikitu zuen botilako isurkin identifikatu gabeagatik
edo Carverrek berak
baporetik lakioaz harrapatzen zituen
itsasertzeko zaldi bustiengatik.
Honegatik guztiagatik,
eta kopa honetan, eta zure oinatz ttipietan
egundo sartzen ez diren
beste arrazoi batzuengatik.
Topa.
Harkaitz Cano
Iruzkinak
amaia 2008-06-03 00:16 #1
<P>topa, hori guztiagatik ta gugatik!!</P>
<P>Irati bihar nihoala bñ bueltan juerga dexentek espero gaituzte e! jejj, hitza hartu nizula san juanetan ne etxen geatzeko! jaja mxuuuk</P>
<P>ondo pasa!</P>
Utzi iruzkina: