XinJian urte berrian, -20ºCtara goxo

Urumqin itxaron didate ama-alabek, nahiz eta 4 ordu beranduago heldu naizen, hirian zeuden haien hotela hartuta. Familiako norbait bisitatzeko asmoz etorri direla erabili dute argumentu gisa, baina badakit ni babestearren egin dutela. Eta halaxe egon naiz 4 egunotan, guztiz babestuta!

Erregina bainitzan zaindu naute, hirian afaritan edo gosari okzidentala ekarri didatenean goizean hoteletik irten orduko edo autobus billetea aurrez erosia dutenean.

Noiz ordaindu ez dakit, jatetxean ikusgarri diren pertsona eta lekuak izaki ez dut astirik izaten jatekoa aukeratu orduko ordaintzen ari den andreari aurrea harrapatzeko. Beinke emakumea eta ama!

Nire interesa asetzeko edo, erakutsi didate haien herrialdeko errealitatea eta explikatu ere dakitena behintzat uighurrei buruz. Inoiz ez dute haiengatik ezer txarrik esan, 3 urte aurretik txinatarrak adreiluz akatu zituzten kalean zehar ere, orain bakean daudela diote. Bejondeiela!

Autobus geltokian ere uighur jatordua egin dugu eta puntilladun kortinak eta kalefazioa topera duela atera gara autobusean Shawan hirirantz. Izotza dago nonahi ta pertsonaren bat bidertzean ageri orduko bozina jotzen du gidariak balaztatzeko beldurrez.

Ameriketako hirien estiloa dario. Arraroa den arren, ez dago etxeorratzik eta kale zuzenak oso zabalak dira. Etxeen estiloak ez du ezer berezirik, orain arte ikusi ditudan denetan bezalatsu, zatarrak dira eta leiho zikinak dituzte. Hemen gainera izotz beltzak eta hosto gabeko zuhaitzek, berdearen ordez, apaintzen dute etxeartea.

Haien etxeak beste guztien itxura bera du. Atarian sartu orduko zer aurkituko dudan zalantza egin dut, eskilara gristuetan gora. Baina beraien janzkera ikusita ez da posible etxea atariaren egoera berean egotea.Ta ez, egia esan etxe ttukuna dute. Erosoa eta zabala da. Egongelako mahaitxoan fruitu lehorrak eta bestelako zizka-mizkak daude, urte berriko festan ohitura dutenez. Sukaldea aparte eta jangela alboan, 3 gela eta komun haundia, ez da etxe makala!

Noski, etxeko logelarik haundiena eskaini didate baina azkenean, gonbidatuen gelan sartu ditut nire gauzak alabaren laguna ere lotara geldituko dela esan duela aprobetxatuz. Honela ni behintzat lasaigo nago.  

Harrera egin dit aitak eta ekarri dudan ardo botila eskaini diot. Afaldu dugu etxeko noodleak, denon artean eginak, eta afalostean telebista aurrean eseri eta berbetan eta pikatzen jarraitu dugu. Gustora egon naiz solasean. Alabaren lagunak ingeleraz ongi egiten du eta behintzat bi neskekin komunikatu naiteke. Haiek itzultzaile lanak egiten dituzte gurasoekin, nahiz eta amarekin komunikatzea oso erraza egiten zaidan, dakizkidan txinerako 4 berbakin eta berak jartzen duen goxotasun eta interesari esker.

Atsegina da familia. Eta loa lasai asko egin dut.

Goizean gosari txinatarra, beno, Xinjiandarra egin dugu. Esnea tearekin (naicha), etxeondreak egositako ogi garratza tofuarekin huntatuz jan dugu, barazkiak eta haragi puxka ezberdinak platertxoetan mahai erdian daude zotz luzeekin bertatik hartzeko. Uste nuena baino jateko errazagoa da. Orokorrean janari gehiena gustatzen zait baina gosaria gazia izatearen beldur nintzen.

Dena ongi. Asko begiratzen nautela besterik ez.

Herrian itzulia egin dugu, izotzezko eskulturak ikusi, izotzezko txirristatik kartoi gainean irristatu eta lurrunezko arnas putza dariola epelera egin dugu lasterka. Janari azkarreko  edo kafetegi antzeko batean kafea hartu eta solasean aritu gara. Bi nesken ezkontzeko grina edo beharraz hitzegin dugu, adinean aurrera doaz nonbait eta jada amak arduratuta dauzkate 24 eta 25 urteko neskek.

Eta eguerdia baino arratsaldean bazkaldu dugu. Txinako ekialdean gaudenez, kostan baino 2 ordu beranduago agertzen da eguzkia hemen eta hala ere, Beijingo ordua dutenez, egunerokotasunean 2 ordu berantiarrak dira. Are gehiago jaiotan. Goizean 12 etan gosaldu dugunez, bazkaria 4etan egin dugu.

Bisita izan dugu, aitaren lagunak edo familiakok ez izan arren beraik dioten bezala “anaiak” etorri dira. Gehienetan jatorrizko probintziakoekin dute harremanik estuena emigranteok. Bi gizakume dira, eta gazteak ez dit begirik kentzen. Harridura aurpegiaz begiratzen nau, tximinoa banitz ere. Txineraz ari dira eta galderak luzatzen dizkidate neri nesken bidez. Gazteak galdetu die neskei ea badakidan zer diren eta baietz esan dutenean neri zuzendu zait: zer deritzozu txinako militarrei? Banekien aita militar ohia zela eta itxura batez, bestea ere erretiratuta dago, 40 urtekin. Suposatzen dut hauek honera destinatuak izan direlako bizi direla hemen, zelan bestela… “ezin dut eritzirik izan ez bait dut ezagutzen txinako idiosinkrasia oraindik”

Irri egin dute erantzunaz. Harro daude herriari zerbitzatzeaz. Eta zer esan nezake bada? Haien etxean hartu naute eta oso bero gainera.

Kanpei dexenteren ondoren mutila sofan geratu da lo ta gu, neskatoen eskolalagunekin karaokera joan gara. Astebete lehenago izan nuen lehen esperientzia bezalatsu dihoa. Oraingoan gazteak direnez martxa gehiagoko kantak aukeratzen dituzte eta niri ere kantatu egiten didatenez, azkenean haien laguntzarekin ABBA eta Madonna-ren abestiekin ausartu gara.  

Artean ama eta etxeko mutila agertu ez dira bada karaokean? Neskatoak bere amak sekula karaokera joaterik ez duela pentsatu ere eta hara non gaur estrenatzen den…ni nagoelako izango da!.Poztu egin naiz, 48 urteko amarengandik hurbilako sentitzen naiz 24 urteko gazteetatik baino eta. Hala ere, disfrutatu egin dugu, denok.

Ez adiorik, irteeran gure neskak lagunak banan-banan besarkatu ditu hurrengo urrirarte ez baititu ikusiko eta. Ezagutu izan ditudan neska-mutil asko baino jatorragoak iruditu zaizkit hauek. Lagun onak.

Eta berriz ere lotara. Goizean gosariarekin zai izango dugu ama ateratzeko ordurarte. Opari bat eman gura diet, bestela ez dut kontzientzia lasai izango ta sobre batean dirua eman diet besterik ezean.

Gurasoak eta mutil gazteak taxiraino babestu gaituzte agurtzera. Eta gure neskari negar malkotxo bat atera zaio autoan. Hunkigarria!

Pentsatzen jarrita Euskal Herrian guardia zibilen etxean egotea bezalatsu izan ote den galdera egin diot nere buruai?

Shanghaira heldu eta goizean mezua dut:

”Nire gurasoek zu joan arte ez dute oparia zabaldu txinan ohitura denez, eta ikusi dutenean larregi iruditu zaie. Beraiek eta nire izenean eskerrik sakonena eman gura dizut. Eta etorkizunean, guk eskeini genezakeen laguntza behar izan ezkero, esan besterik ez duzu”

 

2012.01.27


Utzi iruzkina: