Shanghaiko maratoia
Gero eta argiago dut iraunarazteko bideak aurkitu behar direla. Hau da, ez dago sufritu beharrik, alderantziz, dagokizun denbora ahalik eta ondoen igarotzea komeni dela.
Helburuak finkatzeak horretan laguntzen du. Helburu pertsonalak norberaren denborari zentzua bilatzeko asmoak dira, baldin eta lanagatik bizi bagara hemen behintzat.
Shanghaiko maratoia helburu bilakatu genuen euskaldun taldetxo batek. Gehienok maratoiak entzuteak ematen zigun zirraragatik edo, erdia egiteko asmo sendoa erakutsi genuen.
Honela hasi zen gure entrenamendua.
Egunero bazkalorduan gai errepikakorra bihurtu genuen eta ingurukoen saltsarako arrazoi ere bai. Ilunkeratan eta asteburutan sendo jarduten zuten artean batzuk, eta besteok, ahaleginetan formaltasunik gabe.
Pertsonalki, nire burua amona izaterakoan ilobei Shanghaiko maratoi erdia eginda nuela kontatzeak ematen zidan bultzada. Bazuelako bere toke exotikoa. Ez dakigu zer nolakoa izango duen 25 urte barru…
Aste bete lehenago Changsu herrian 10km-ko froga egitera animatu ginduen lasterkide batek. Eta hara joan ginen goizeko 5etan Triatloi elkartearen atarian elkartu eta goizeko 8etako karreran parte hartzera.
Experientzia polita eta hurrengo astean zetorkigunaren aurrerakin bat zela ohartu ginen. Batzuk, oinez, besteak saltaka, hangoak abiadura bizian gero gelditu eta handik lasterrara berriz sprintatzeko, ondokoa arnasestuka baina neska batek irabazi baino lenago azken hatsarekin aurrera ezinean. Pozarren parte hartzen dute herritar askok, motxilan musika daramanak besteon gozamenerako, argazki kamerarekin kanpotarroi argazkiak ateratzen dizkigunak, edo atzera biratu eta atzekoei ateratzen diena, edo eskua luzatuz bere buruari. Janzkerak ere badute zeresana, etxeko pijama, edo tergalezko galtzak edo jaka bakeroa daramana ere ikusi ostean zer pentsa ematen digu, guk mendebaldekook gastatzen dugun diruari so. Eta azkenean, ez ziren 10km, 11.8 baino. Beti dago zerbait.
Heldu da eguna, eta urduritasunaz gain autobidean kotxe pilaketa dago. Denok goaz taxian eta denok gura dugu Bund-era sartu. Heldu garenerako milaka daude pilatuta eta atzekaldean kokatu gara neska hirukotea. Kolosala da jende multzoa.
Irteera tiroa entzun dugunetik 11 minutu larri pasatu dira oinezean goazela, artean irteera marra pasatu gabe. Eta ekin diogu lasterketari, ahal dugun heinean. Jende andana dago, lurrean jertseak daude jada berotu direnenak nonbait.
Gu berriketan goaz, ikusi hangoa edo beste hori esanaz. Denetik dago, karrera baino ikuskisuna dirudi honek. Txankletekin ikusi dugu bat eta beste batek porlanezko habea darama bizkarrean, edo koloretako kantzotzillotan korritzen duena edo minigona bakerodun neskari so. Kontu kontari goaz aurrekoak nondik pasatuko kalkulatuz. Berandu hastearen ordaina da gu baino polikiago doazen guztiak aurreratu behar izatea etengabe.
Nanpu zubira igoera ikusgarria da. Batek zubi erdian gelditu eta bere buruari argazkiak atera nahian dabil. Besteak, taldean jarri dira argazkirako. Eta bapatean argazkilari profesionala lurrean hurrenez hurren aurkitu dugu. Eta gure lagunak dio: photo, photo! Hara non, agertuko den asteleheneko Shanghai Dailyko portadan. Damutuko zait beinke momentu gogoangarri horretan apartatu izana. Ez dut ikasiko bela egon behar denean egoten.
Luzea izango dela aurrikusita txizagure psikologikoa sartu etzait bada. Lehenengo komunak beteta daudela eta, aurrera segitu dudan arren, hurrengoan gelditu behar izan dut. Eta hau bai arrangura sartu zaidana, itxaron behar dudan hilara ikusterakoan. Nola da posible, karrera batean komun gutxiegi egotea…
Ondorioz, bakarrik egin behar izan dut falta zaidan beste erdia. Eta azkenerarte, jendea aurreratzen. Azkarrenak aurretik doaz eta polikiago doazenak ere bai. Beraz eta beste erremediorik gabe, kale zabalak izan arren, ez dago espazio haundirik zuzen desbideratu gabe joateko.
Helmugan 2:15 adirazten duen erlojua pasatu dut. Ze poza!
Eta lagun gazteak asko gustatu zaidan esaldia esan dit: “nagusitan zu bezalako izan nahi dut”
Eta maratoi osoa egiten diarduen lagunaren zai nagoen bitartean Haruki Murakami non ikusiko helmugaratu diren guztiei erreparatzen diet. Baina egia esan, ezingo nuke bereiztu haren ezaugarriak oso dira komunak hemen eta. Denak dira Murakami niretzat.
Dibertitu egin naiz nire bizitzako lehen maratoi erdian. Helburua beteta, ez da gutxi.
2011.12.04
Iruzkinak
Utzi iruzkina: