Masajea

Masaje etxeak nonahi aurki daitezke. Bai gorputzekoak,bai hanketakoak, bai belarrietakoak ere… Pedikura eta manikura egiteko ohituraz gure lankide Mondragonekoen eskuei begiratu besterik ez dago. Gizakumeek nireak baino finago eta zainduago dituztela aspaldi konturatu nintzen, eskuetara begiratzeko fijazio baitaukat.

Denetarik dagoela esplikatzen dizute luze darametenek hemen, merkeago eta ez hain merke. Batean, sapaia erortzeko zorian eta besteetan urre koloreko kortinak. Funtsean denak berdin ematen dute igurtzia. Eta denak daude gaueko ordu txikiak arte irekita.

Txinatar erara edo oliozkoa, kontua da ordu betetan edo luzeago gustora sentitzeko bidea baduzula.

Gehienez hitz solteak esatera ausartuko dira eta zuri ulertaraziko dizute errepikatuz behin eta berriz: Toong? Zheli, Toong? Mina dela jakin eta Mingbae (ulertua) esan arte. Hitz jario gabeko elkarrizketa sortzen da, haren eskuek esaten eta ulertzen dutenari esker.

Toalla umel beroak dira amaieraren seinale, alde bat amaitu ta biratu baino lehen atal bakoitzaren gainean zapi beroa jarri eta garbituko zaituzte. Gozamena da.

Hurrengoan ere itzuli beharko, zein ez.

 

I-LUNA

2011.09.25


Utzi iruzkina: