Ibai horia zeharkatzen
Erabaki dut Huánghé (ibai horia edo Yantsea) ezagutzeko irrikaz, inori ezer esan gabe egun pasa joatea, ibaia itsasoratzen ikusteko asmo biziaz.
Metroa hartu dut ia azken geltokirarte, Shanghai Daily-ko orrialde batean irakurria nuen lez. Baoyang portura heltzeko asmoz izen bereko geltokian atera naiz eta oinez zeharkatu ditut kaleok beti ekialderantza, itsasoak han egon behar duelakoan.
Merkatu bat ikusi eta kuxkuxeatzera sartu naizenean nabaritu dut ez daudela oso ohituak foreigner bat ikusten, eta egia esan niretzako ere orain arte ikusi ditudanetatik bortitzena iruditu zait. Aingirak eta arraiak baldeetan bizizik, mangeraz ureztatuz, oiloak kaioletan oilategia azokan balego lez, barazkiak garbitu eta hondarrak lurrean nonahi…usaia dario azokak.
Ailegatu naiz erreka-itsaso ertzera eta han daude txinatar gizonak haien kometak airean nork urrutirago eramango eta bestearekin kateatu gabe zeinenak denbora gehien dirauen. Polita da ikuskizuna.
Urruti dago oraindik portua baina heldu naiz, bide zidorretatik bakarrik.
Dena dago txineraz eta lehiatilakoak ez daki ingelesez tutik ere. Zelabait ulertu gara, nire txinera traketsean eta hartu dut bidaia bakarreko billetea. Ez dit saldu gura izan joan-etorria.
Itsasontzia kaskarra da eta ehun bat pertsonetatik ni naiz txinatarra ez den bakarra. Lasai nago horregaitik, baina ontziak ez dirudi oso fidagarria. Ur sakonetan murgildu orduko olatu txikiena ere senti daiteke… eta horrela 45 minutuan zeharkatu dugu ibaiaren erdia, Chonging irlara bainoa.
Erabaki dut ez naizela bide beretik itzuliko baina gaua egin aurretik lortu beharko dut medioa.
Oinez paseatu dut zibilizaziorantz eta taxiei galdezka hasi naiz ea Shanghaira eramango nauten ibai berberaren gainetik eraiki berri duten zubi bakarretik. Hirugarrenak esan dit baietz baina prezioa ongi negoziatu du hasi aurretik. Taximetrorik piztu gabe egin nahi du eguna.
Eta zapaldu du azeleragailua, abiada bizian lehioak guztiz irekita abiatu gara irlan barrena autopistara bidean. Ez dakit zein medio den arriskutsuago…baina ez dago besterik. Eta pentsatu dut akaso norbaiti SOS mezu bat bidaliko banio…
Irla berdea da, Shanghaiko parkeetan bezala klorofila gabeko berdea. Bizikletan ibiltzeko aproposa, ohitura dago bertan alokatzekoa ere. Ezberdina behintzat.
Heldu gara zubira, ikusgarria da. Pena merezi izan du zeharkazteak. Eta beste aldeko itsaslabarrera begiratuz garabiak eta haizerrotak dira porruak bailiran mietz landatuta daudenak. Ezker eskuin horizontera luzatzen dira kontaezineko kantitatean infinitoraino.
Taxi gidaria ibaiaren bestaldeko lurreldeotan arrotz sentitzen da nonbait, eta metrora hurbil nazala eskatu arren, autobide erdian geratu zait ezjakinean galduta. Nire telefonoko GPSa erakusten diodan arren ez da fido. Eta geldi dagoen beste lankidearekin hitzegin ostean nire 300RMB etatik eman dio zerbait ni eraman nazan metroraino. Tipo azkarra.
Eta pentsatu dut egunen batean itzuliko naiz, bai horixe… baina goizean goiz eta WangFengekin, noski.
I-LUNA
2011.09.25
Iruzkinak
Utzi iruzkina: