i-luna
Ilargia Euskal Herrian eta Shanghaien beti da hilen argia. Katalinak hemen ere badaki erakargarri izaten, laranjaz jantzia eta mendi gabeko lautadan hurbilago somatzen den aurpegikera hori lotan dagoenarena egiten, ta beti zelatan.
Gau giro atseginak lanegun luzeen opari sentitzen ditut egunotan, nahiz eta hurrengoetan ez diren horrelakoak izango dioten. Gozatzea dagokit.
Lanean pausoak ematen dihardugu. Beharrak eta epeak aginduta gainditzen dira oztopoak, nahi ta ez.
Entzunez, adi egonaz eta ikasiz bidea egiten ari gara.
Bide zidorra baina helburua aurrean argi ikusten dugu, momentuz.
Aldioro tontorra ezkutatuko zaigula somatzen dut, beste mendiek itzal egingo digutela badakit. Ta tartean oztopoak nonahi agertuko zaizkigu. Galduta ibiltzeko arriskua ezin da ekidin, bejondeigula epe laburretan diren bitartean behinik behin.
Aurretik izan dira gu baino espedizio ausartagoak eta utzi dizkigute haien materialak bidetan, baina sarri zaharkituta edo erreusak dira guretako.
Bestalde, guk talde indartsua behar dugu, gure indarrak eta jakituria bilduz lortuko duguna gailurrera eskalatzea.
Aurreko astean jakin dut, beste taldekideak etxean gehiago entrenatzen geratuko direla. Nik bitartean sherpa taldea gidatu eta bidea zabaltzeari ekingo diot bakarrik, besteen beharrean.
Geldoago helduko dira beste kideak, asto gainean edo abionetaz abantian kanpamendu baseraino.
Espero dut aklimataziorako behar besteko denboraz heltzea, beranduegi baino len.
Nik nire alpinista filosofiaz eta tokatu zaidanez aurrea hartu beharko diet guztiei, fisikoa eta buruaren laguntzaz.
Espero dut aukera honetaz baliatu izatea bideaz, bizitzaz, izateaz eta gizarteaz gehiago disfrutatzeko.
Oraindik orain gustura sentitzen naiz ta inoiz ez naiz garbatu jasotako testiguaz.
Bizitzako zortzimilakoen harira ta metaforarik gabe, hemen gehien faltan botatzen dudana mendiak dira, noizean behin erliebe aldaketa edo etxe ta fabriken osteko paisaia goraberatsua. Hemen irudia beti da homogeneoa, berdina, kolore nahasketa handirik gabe.
Ta gizakia antzera konportatzen da, paisaiarekin bat egiten du eta ez da batere aldakorra… soinean behintzat.
2011.05.18
Iruzkinak
Utzi iruzkina: