Matematika idatzi
Adierazpen matematikoak arkatzez paperean idaztea edo arbel batean ez du inolako sekreturik, baina beste kontu bat da idatz makinaz egitea, orain dela urte batzuk bezala, edo ordenadorez, egun bezala, idaztea.
Hemen kontatuko dut zein izan den nire ibilbidea zeregin honetan.
Irakasten hasi nintzenean fotokopiagailuak bazeuden, baina ez zegoenez ez idazmakinarik ez ordenagailu egokirik adierazpen matematikoak idazteko (egia esan, garai artan ez zegoen ordenagailurik ikastetxeetan), apunteak eskuz idazten nituen. Batzuetan testua makinaz idazten zen –pazientzia handiz- eta adierazpen matematikoak eskuz.
Urte batzuk geroago ikastetxeak ordenagailu batzuk erosi zituen eta horietako batek CP/M sistema eragilea zuen eta WordStar testu-prozesadorearekin lan egiteko ahalmena. Kriston abantaila izan zen. Horrek oraindik ez zuen balio adierazpen matematikoak idazteko, baina testuan zuzenketak egiteko aukera ematen zuen, edo aldatzeko edo txertatzeko; hori bai, dena teklatua erabiliz, oraindik lau hankako saguak baitzeuden bakarrik. Orduan erabaki nuen ikasleei banatzen nizkien eskuz idatzitako apunteak aipatutako testu-prozesadorea erabiliz berridaztea. Adierazpen matematikoak agertu behar ziren tokietan hutsuneak uzten nituen gero, inprimatu ondoren, hauek eskuz idazteko. Orain 20 urteko kontuekin ari naiz.
Urte gutxi geroago PCak agertu ziren eta hauekin MS-Word bere lehenengoko bertsioetan, orain MS-DOS sistema eragilearen pean (Gates-en sakonerako jokaldia). Testu-prozesadore honek itxura txukunagoa eta erabiltzeko errazagoa izateaz gain, goi-indizeak eta azpiindizeak idazteko aukera ematen zuen, eta lerro-artea aldatzeko ere bai. Azken aukera honek lerroka zatikiak modu nahiko txukunean idazteko posibilitatea eskaintzen zuen. Oraindik pantailak grafikoak ez zirenez emaitzak ez ziren ikusten inprimatu arte.
Eta Windows egin zen. Gure bizitzaren parte izatera heldu den sistema eragile honekin batera agertu ziren pantaila grafikoak, eta MS-Word ekuazio-editorearekin. Nire arazo guztiak egin behar honetan konponduak zeuden. Hori uste nuen. Abantaila ikaragarria zen: adierazpen matematikoak, ohiko idazkeran, zuzenean idazten ziren teklatutik saguaren laguntzaz eta programak zituen txantiloiak erabiliz.
Nire dokumentuak osatu nituen; lehen utzitako hutsuneetan eskuz idatzita zeuden adierazpenak, orain ekuazio-editorea erabiliz berridatzi nituen.
MS-Word ekuazio-editoreak adierazpen matematikoak irudi bezala gordetzen zituen dokumentuan. Horrek bazuen bere eragozpena, hiru edo lau orrialdetik gorako dokumentuak kontrolaezinak baitziren formula edo adierazpen asko zituztenean. Egun batean txukun eta ordenatua utzitakoa, inprimatzerakoan, beste aldi batean irekitzerakoan edo beste ordenagailu batean erabiltzerakoan, han eta hemen barreiaturik agertzen zen. Berriro bere lekuan ipini eta hurrengokoan berdin. Arazoa zerbait saihesten zen dokumentuak zati txikiagotan bananduz.
Horrela nenbilela jakin nuen programa bat zegoela egileek honela aurkezten zutena: “Scientific Notebook: matematika idazteko eta egiteko”. Eskuratu nuen eta, ... bai; hau bazen matematika idazteko testu-prozesadorea. Eta ez hori bakarrik, idatzitako adierazpen matematikoekin kalkuluak egin zitezkeen. Testu arrunta, matematika, eragiketen emaitzak eta grafikoak modu naturalean elkartzen ziren, paperean edo arbelean egiten dugun bezala. Ikusi bestela ondoko hau:
Orain esan dezaket Scientific Notebook-ek konpondu dituela nire arazoak matematikak idazterakoan.
Benetan praktikoa eta erosoa da programa hau; ... baina hori beste istorio bat da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: