Ez nau izutzen negu hurbilak
Aspaldi ez dut idatzi. Aspaldian, denbora bizkorregi pasatu izan da nire paretik eta ez du gelditzerik nahi izan. Edo ez diot gelditzen utzi, ez dakit.
Baina atzo gauean gelditu egin zen; berriro, une txiki batez.
Mikel Laboa joan zaigula berandu jakin nuen, arratsalde partean. Halako kasuetan, inpultsiboki bilatzen ditut zendu diren horien CDak eta liburuak. Haiek entzuteko edo irakurtzeko azken aukera izango banu bezala, antsietatez-edo.
Atzo, Mikel Laboarenak bilatu nituen eta entzuten jarri, inpultsiboki beste behin.
"Ez nau izutzen negu hurbilak
uda beteko beroan
dakidalako irauten duela
orainak ere geroan..."
Mendi puntan bizitzeak elurra (egiten duenean) bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko aukera ematen dit.
Atzo, lehiotik elurrari begira nengoela, Mikel Laboak bere azken eguna aukeratu egin zuela iruditu zitzaidan. Ez zuela batere beldurtzen negu hurbilak eta, iraungo duela geroan, betiko.
Eta denbora gelditu egin zen une batean; lehenak-orainak-geroak bat egiten duten momentu horietako batean. Gure kulturako zatitxo batek beste forma bat hartu duela pentsatu nuen gero: " amets betezko loa baitakar behin betirako hiltzeak".
Agur, ohore eta amets goxoak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: