Errutinen ederra

saras2 1456152651600 berbak dantzan | 2007-10-08 22:36

Errutinak ere badu bere alde ederra. Egunero ordu berean, leku beretik igarotzen naiz lanera joateko. Eibartik Elgetara. Beti ikusten ditut zuhaitz berberak; paseoan doazen gizon-emakume berberak; kotxe berberak gora eta behera.

Baina errutinak badu bere berritasuna, beti. Zuhaitzek marroi kolorea hartu dutela ohartu naiz gaur. Oinezean ibiltzen diren emakumeak txamarrarekin irteten direla paseora; eta emakume kuadrilla bankuz aldatzen dela eguraldiaren arabera. Hotz dagoenean eguzkitan dagoen bide ertzeko eserkuan jartzen dira. Bestela, itzaletan dagoen beste bide bazterreko eserlekuan.

Gaur bide bazterrak garbitzen dituzten langileak ikusi ditut errepide ertzean botata, belarretan, siesta egiten. Niretzat berria izan da baina seguru nago errutina dela beraientzat lo kuluxka botatzea bazkal ostean.

Batzuetan errutina ere berria da. Niretzat ez bada, zuretzat. Eta bestela harentzat. Baten batentzat.


Utzi iruzkina: