Arbizuarrak AHT egitasmoaren kontra azaldu dira
Joan den igandean Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruzko herri galdeketa egin zen Arbizun, AHT Gelditu! Elkarlanak antolatuta eta Arbizuko Udalak
babestuta. Lizarragabengoan gertatu zen moduan iritzia eman zuten
arbizuar gehienak ere AHT egitasmoaren kontra azaldu ziren. Elkarlanak
emandako datuen arabera, 824 pertsonek osatzen dute errolda eta
haietatik 397k (%48) parte hartu zuten galdeketan. AHTren aldeko bozak
6 izan ziren, kontrakoak 382 (%96,22) eta txuriak 9. Elkarlanak
adierazi duenez, Errolda kontuan harturik ezezko boza eman dutenak
hautesleen %46 dira.
Lizarragabengoan eta Arbizun egindako
herri galdeketen balorazioa egiteko astelehenean prentsaurrekoa eman
zuten Irantzu Berastegi eta Gorka Ovejero elkarlaneko kideak,
Lizarragabengoako kontzeju buru Koldo Floresekin eta Arbizuko
alkateorde Fran Baldarekin batera.
Elkarlanak
Irantzuk
nabarmendu zuenez, “Arbizuko herriak gehiengo borobil batez ez esan dio
AHT poriektu txikitzaileari”. Parte hartzea erroldaren erdira iritsi
zela eta “Arbizuk nagusiki bere iritzia eman” duela azaldu zuen. Aldi
berean, botere publikoei askatu zien “erabaki demokratiko hau
errespeta” dezatela. Bestalde, galdeketan parte hartu zuten guztiak
zoriondu zituzten, “haien iritzia eman dutelako eta herriari galdetzea
zein garrantzitsua den erakutsi dutelako”. Tokiko bi erakundeendako ere
esker oneko hitzak izan zituzten.
Larunbatean Nafarroako eta
Espainiako Gobernuek sinatutako hitzarmena salatu zuten elkarlaneko
kideek: “Informazioa ezkutatu, eztabaida ukatu eta propaganda besterik
ez diote eskaini nafar jendarteari”. Elkarlaneko kideek “AHT proiektua
gelditzeko borrokan indarrak bildu eta ekimenak zabaltzeko deia” egin
zuten.
Tokiko erakundeek
Lizarragabengoako
Kontzejuaren eta Arbizuko Udalaren izenean Koldo Floresek hartu zuen
hitza. Azaldu zuenez, AHTrena “Garrantzi handiko gaia dela ikusi dugu
gure herrietan eta herriari kontsultatu behar zitzaiola ikusi dugu”.
Eta, berretsi zuen “lixerrengotarrek eta arbizuarrek erabakitzen zutena
aintzat hartu eta errespetatuko” zutela, “hasieratik esan bezala”.
Koldok
azpimarratu zuenez, “herriari eragiten dioten gauzen inguruan galdetzea
eta erabakitakoa aurrera eramatea baino gauza demokratikoagorik ez
dago”. Bestalde, kontzejuko buruak salaketa egin zuen: “Madrilgo zein
Iruñeko gobernuek informaziorik helarazi ez digutelako eta eztabaidetan
parte hartzeko gonbiteari isiltasun lotsagarriarekin erantzun
diotelako”. Eta galdetu zuen: “zer demokrazia mota da hau herriari
informazioa ukatu eta erabakitzeko eskubidea ezeztatzen diona?”
Ikuskatzaileak
Arbizuarrek
igandean 9:00etatik 20:00etara iritzia emateko aukera izan zuten.
Inongo gorabeherarik ez zela izanen ziurtatzeko hainbat begirale izan
ziren: Arruazuko eta Olaztiko alkateak; LABeko eskualdeko arduraduna
eta hainbat delegatu; Hesian, Kaotiko eta Vendetta taldeetako
musikariak; Eneko Lazkoz bertsolaria; Arbizuko nesken sokatira taldeko
kideak eta Bakaikuko Gazte Asanbladako kideak.
Textu eta argazkia, Guaixetik hartutak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: