AHT-k Arakilgo hirigintza plan berria geldiarazi du
Gobernuak AHT-rako erreserba eremua markatzeko eskatu dio udalari, baina udala ez dago ados.
Arakilgo Udala Nafarroako Gobernuarekin haserre dago. Bilera eta lan saio askoren ondoren hirigintza plan berriko oinarria adostu zuten arakildarrek: Lurralde Okupazioarako Estrategia Eredua (LOEE). Agiri hori duela urte bete aurkeztu zuten Lurralde Antolamenduko Departamentuan. Javier Lazkoz Olaetxea alkatea kexu azaldu da bi administrazioen arteko ezadostasun horrek Arakilgo hirigintza plan berria gelditu duelako. “Udala kezkatuta dago. Noiz arte egon beharko dugu zain?”
Arakilgo Udalak oraindik ez du erantzunik jaso. Departamentutik kontsulta bilera batera deitu zuten. Gobernuak Udalari eskatu zion LOEEn Abiadura Handiko Trenaren liniarendako (AHT) erreserba eremua gehitzea. Arakilgo Udala ez dago ados AHT-rekin, baina ezta Nafarroako Gobernuaren moduekin ere.
Zergatia
Alkateak esan digunez, “AHT-rekin ez dugu haien partaide izan nahi. Guk ez diegu markatuko nondik pasatu behar duen. Ez gaude horrekin ados. Hirigintza planean aldaketak egiteko tresnak badituzte, Udalez Gaindiko Plan Sektorial izendapenak, esaterako. Guk gure lana egin dugu, haiek haiena egin dezatela”.
Lazkozek azaldu digu Nafarroako Gobernuari AHT-ren ibilbidearen inguruan informazioa eskatu dioten bakoitzean ezer ez dagoela erantzun dietela. Ziurrenik landa eremutik joanen litzateke gehiena, “baina, Izurdiagatik nola?” galdetu du alkateak. Herriak bizi behar duela gogorarazi du.
Plana egin bitartean hirigintza araudia aldatu egin da Nafarroan eta, dagoeneko, LOEE egin beharrik ez dago. Nafarroako Gobernuak hori kentzeko aukera eskaini dio udalari, baina egindako ahaleginaren aitortzagatik udalak mantendu eginen du.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: