LANAK TORTURA ESAN NAHI DU
Ba al dakizue zein den gaztelerazko trabajar hitzaren jatorri etimologikoa? Trabajar hitza latinezko tripaliaretik dator; tripaliare berriz, tripaliumetik (hiru palo) dator. Tripalium delako hori antzina esklaboak torturatzeko erabiltzen zen tresna bat zen.
Argi ikusten da, beraz, lana hasiera-hasieratik lotu eta identifikatu zela sufrimenduarekin; tripaliumeko kolpe latzak pairatutako esklaboa bezala sentitzen zen langilea lanetik etxera itzultzean. Zorioneko (ala zoritxarreko?) Industri Iraultzak aldaketa handiak ekarri zituen berarekin. Aldaketa batzuk onerako izan ziren arren, aldaketa asko eta asko txarrerako izan ziren. Ordura arte langilea esklabo izan bazen, ordutik aurrera are esklaboagoa izan da langilea:
- Katean lan egiteko produkzio-bide berriak makinek ezarritako lan erritmo gogorrera lotu zuten langilea, askotan ahal zutena baino gehiago egitera behartuz. Makinak erritmoa jartzen zuen eta langileak jarraitu egin behar zion, bestela kaleratu egiten zuten. Pertsona horrek ez omen zuen balio.
- Kapitalistek murriztu egin zuten beren langileei orduko ordaintzen zieten ordainsaria, era horretan, langileak ordu asko (gehiegi) egin behar izaten zuten lan soldata miserable bat lortzeko.
- Nagusiak langileak kontrolatzen hasi ziren, bai lantegi barruan (sarrera-irteerak kontrolatuz, enkargatu postuak sortuz, etab.) eta bai lantegitik kanpora ere.
- Eta Idustri Iraultzak ekarritako beste gauza edo alde txar gehiago ere idatzi ditzaket hemen…
Gaur egun oraindik, langileak zapalduta bizi dira; prekarietatearekin dantza egiten dute egunero. Prekarietatea, soldata lotsagarriak, langile zapalketa, axolagabekeriak sortutako lan-istripuak, etab. gizarte kapitalista-industrialaren ondorio dira. Gure gizarte ereduetan dirua da funtsa; diru gabe ez dago ezer; dirua Jainkoa da. Gauzak horrela, patroiek ahal duten eta diru gehien irabazteko helburuarekin langileak zapaltzen dituzte. Langileek, berriz, lanean irabazten duten diru hori bizitzeko beharrezkoa dutenez, zapalketa onartu beste biderik ez dute. Gobernua bien bitartean, begira dago; hitz polit asko esaten ditu, baina patronalak emandako diruak Gobernuari poltsikoak betetzen dizkio eta diruaren pisuak ez dio uzten aurrera pausorik ematen.
Denon esku dago egoera hori aldatzea eta lan egin behar dugu horretarako. Batzuen iritziz utopiko bat izango naiz, eta agian egia izango da, baina badakit ez naizela bakarra eta denon artean gogor egin ezkero utopiak errealitate bilakatu ditzakegula.
Iruzkinak
borthuzai 2007-02-07 07:27 #1
<p>ez nuen etimologia hori ezagutzen. oso ona.</p>
<p>bada interesatuko zaizun beste bat, NEGOZIO hitzarena NEC-OTIUM delako, hots, ociorik eza, denbora librerik eza...</p>
<p>eman kaña</p>
indezent 2007-02-07 08:22 #2
Pixkanaka-pixkanaka industri iraultzako lan baldintzetara itzulten ari gara eta langileak talde bezala desmontantuak daudenez (eskarrikasko sinsikatu progre guztiei) ziuraski garai haietan baina baldintza okerragoak izaten amaituko dugu.
Utzi iruzkina: