Neguko hotza eta euria
Hotz eta euriekin jendea ezkutatu egiten da bere
oskoletan, ume txikiek salbu -ez baitute ikasi jolasean besterik-.
Horien gurasoak dira frontoi ondoko plaza uzten azkenak: ondar errainua
zurrupatu arte ez dute alde egingo, noski. Kostata eta nekez hartzen
dute etxeko bidea.
Plaza hutsik, zuhaitzik ez, eta frontoi paretako pankarta handi hura ere -errausketarik ez- eroria da, hostoen antzera.
Frontoiak gordetzen du, txingarrak bezala, epeltasun apurra umeen
xestoko partiduetan. Lau jokoan eta hiru guraso begira -gogortuko
zaizkie berriro soin enbor eta adarrak- arratsaldeko iluntasunetik ihes
egin nahian.Tarteka tabernara hurbiltzen da baten bat, eta hala ere
plazan ez da ezer entzuten alde hartatik. Kanpandorreko erlojua mutu,
zazpi eta erdiak. Farolek argia mottel.
Euria
hasi du. Taberna barrura egiten du espaloian zegoen lagunak. Handik
entzungo ditu euri zaldizkoen tarrapata eta haize boladak. Tabernako
telebistan eguraldi gazteak dio are bortitzago ariko duela hurrengo
egunetan. Entzuleari gogoa ihesi joango zaio etxeko babesera. Edo
beharbada ez. Beharbada hegaldatuko zaio urruti-urruti joateko, beste
eguraldi bat egiten duen lurraldera.
Negua da eta Olatz urrun dago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: