HERRIKOIA

plazakoleihoa 1456152220071 plazako leihoa | 2008-03-30 12:55


Atzo, ikastolako umeei sarrerak eman zizkieten errealaren partidu bat ikustera joateko. Han joan ziren Zubietako ume batzuk, Usurbileko beste saldo handi batekin. Neska batzuk ere sartu ziren merke, bost euro pagatuta. Herrikoia izan nahi, dirudienez. Esan didatenez, han aritu ziren taldea animatu nahian: putasemeka, mekaguendioska... zainak lehertu beharrean, bere senetik atereak. Nola mutilak hala neskak, sexukidetasunak beste hainbat arlotan lortzen ez duen bezala. Zer den herrikoia izatea!

Gaur, plaza betean aritu gara futbolean, bost urtekoetatik hasi eta halako hamar gehiago ditugunon arte, dozena pare bat jokalari. Ate-zutoinak lurrean utzitako jertseak, garbigailura zuzenean bota beharrekoak etxera iritsitakoan. Neska-mutilak, handi-txikiak, guraso-umeak  anabasean, futbolean oso aurrera egingo ez genukeen moduan ziur aski, jolasean. Herriko neska-mutiko ia erdiak, bertan.

Bihar, auskalo. Seme-alabak eskaintzen dizkiegun bideetatik ibiliko dira. Merke emandako bide narrasetatik, edo garestiagoak diren bide argiagoetatik. Beharbada "herrikoi" izan ez, baina gure herriak behar dituen bideetatik...

Mesedez, ez diezadatela eskatu poztea erreala lehenengo mailara igotzen denean.


Utzi iruzkina: