1722ko Plaza Berritik 2022ko Plaza Berrira heldu nahi dugu. Historia pixkat (1722-2022)
Hirurehun urteotan aldaketa asko izan dira plaza honen izenarekin:
- Donostiako Plaza Zaharrean sortzen ziren arazoak konpontzeko, 1722an, plaza berri bat sortu
eta Plaza Berria izena eman zioten donostiarrek. - 1813an suntsitu zuten eta 1817an berreraiki zen egungo plaza.
- 1820an Plaza de la Constitución (1812, Cadiz) izena inposatu zuten.
Herriak, hala ere, Plaza Berria esaten jarraitu zuen. - Horregatik, 1897an Donostiako Udalak erabaki hau hartu zuen:
Plaza Berriya izango zen euskaraz, eta Plaza de la Constitución (gaztelaniaz). - 1936ko altxamenduaren aldekoek Plaza del 18 de julio inposatu zuten.
- 1978an konstituzio berria ezarri zuten. Eta, 1979an, Plaza de la Constitución izena berrezarri zuten, euskaraz Konstituzio Plaza jarriz, Plaza Berria izena betiko ezabatu nahian.
Donostiarrok plaza berri batekin egiten dugu amets,
Jendarte berri batekin.
Euskalduna, parekidea, zabala, irekia...
... Plaza Berria
PLAZA BERRIA BERRESKURATU DEZAGUN EKIMENA
Plaza Berria (1722)
Donostiak XVI. mendean plaza bakarra zeukan harresi barnean, gaurko Bulebarreko tarte batean.
Militar okupatzaileek beren maniobretarako erabiltzen zuten eta hiritarrekin liskarrak sortzen ziren.
Horregatik, Hiriko Kontseiluak plaza berria eraikitzea erabaki zuen. 1722ko urtarrilaren 18an inauguratu
zuten, eta Plaza Berria izena jarri zioten. Aurrekoa, harresiaren ondoan zegoena, gaur egungo bulebarrean,
Plaza Zaharra bilakatu zen. (1800. urteko mapan honetan, Plaza Nueva eta Plaza Vieja agertzen da,
nahiz eta herriak euskaraz erabiltzen zituen izenak).
1813an espainiarren armada aliatuek, alegia, ingeles-portugaldarrek, hiria suntsitu zuten; tartean, jakina, Plaza Berria. Zer genozidio eragin zuten badakigu. 1817an berreraiki zuten plaza donostiarrek.
Plaza Berria eta "Plaza de la Constitución" (1820)
1820an, ordea, Plaza de la Constitución izena inposatu zuten, Cadizeko 1812ko konstituzioa goraipatuz. “Sociedad Patriótica de San Sebastián” (espainiarzalea) izan zen horren eragilea, Donostiako elite liberalaren elkartea.
Aipatu elkarteko sortzailea zen Jose Manuel Collado eta partaideak Donostiako familia aberatsetako kideak: Etxagüe jenerala, Joaquín Bermingham, Fermin Lasala, Eustasio Amilibia, Joaquin Calbeton, Brunet anaiak, Claudio Anton de Luzuriaga eta abar. Jose Mujika historialariak dioenez, Donostiako presio talde edo zehazkiago erabaki talde boteretsua bilakatu zen delako elkartea. Donostiako Udala beraien aginduak betetzera mugatua zegoen, eta horrela, beraiek jarri zuten Plaza de la Constitución izena, Udalaren erabakiari itxaron gabe.
Konstituzio hori eta ondorengoak ez dira gureak; euskal herritarrek ez zituzten bozkatu eta onartu. Alderantziz, Euskal Herriaren aurkakoak izan ziren. Konstituzio horrek foruen deuseztatzea zekarren berarekin, eta, baita, gaztelania hizkuntza ofizial bakar gisa ezartzea ere. Beste edozein hizkuntza erabiltzeko debekua ekarri zuen administrazioan, eskolan eta abar. Herritarrek, ordea, euskal elebakarrak gehienak, Plaza Berria esaten jarraitu zuten.
1896an Gipuzkoako Diputazioak erabaki zuen herrialdeko kale eta plazak bi hizkuntzatan errotulatu behar zirela. Agindu hori betez, Udal plenoak 1897an erabaki hau hartu zuen: Plaza Berria jartzea herritarren ohitura jarraituz. Baina Plaza Constitución mantendu zuten. Ez ziren ausartu inposatutako izena kentzen edo ez zieten utzi. Eta ez zuten “Plaza Berria” errotulurik jarri. Herritarrek, halere, Plaza Berria esaten jarraitu zuten.
Plaza del 18 de julio (1936)
1936an zorigaiztoko altxamendu militarra etorri zen eta Plaza del 18 de julio izena jarri zioten. Euskaraz egitea guztiz debekatua eta zigortua, 18 de julio ez esatearren, herritarrak “la consti” edo “Ko(n)sti” esaten hasi ziren. Horrek ekarri zuen Plaza Berria izena ahanzturan erortzea.
Plaza de la Constitución / Konstituzio plaza (1978)
1978an, Franco hilda, trantsizio garaian, herri honek onartu ez zuen konstituzioa berriro inposatu ziguten. 1979an Udal plenoan Plaza Berria izena betiko ahanzturara zokoratu nahi izan zuten, Plaza de la Constitución euskaraz ere jarrita, Konstituzio Plaza izenarekin. Herriaren memoria, ordea, sendoa izanik, putzu sakon eta ilunean gordeta egon arren, hemendik edo handik, beti azaleratzen da.
Izena eta izana berreskuratu nahi ditugu. Izena ez ezik, izana ere guretik egina behar dugulako. Donostiarrok “Plaza Berria” behar dugulako, espazioaz gaindi, elkargune, plaza beti berria, garai berrietara egokituko dena, iturri zaharreko ura bezalaxe, herritarron bilgune berri-berria: euskalduna, euskaratik eta euskaraz birsortuko dena; parekidea eta berdinzalea; harrera hiria, jatorrizko herrien kultura errespetatuko duena; natura zaindu eta errespetatuko duena eta abar.
Plaza Berria (?)
Horregatik, garrantzitsua da donostiarrok plazaren jatorrizko izena berreskuratzea.
Garrantzitsua Plaza Berria izenak gure ezpain eta belarriak goxatzea.
Donostiarrok Plaza Berria berreskuratu nahi dugu, gurea, geure hizkuntzan!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: