Perexilez beteriko liburua: Paradisuko almanaka

perexila 1456152175942 PEREXiLA | 2006-10-22 07:43

Paradisuko almanaka, (Gianni Celati, 2005) liburu autobiografikoa da, eta Gianniren gaztaroan murgiltzen du irakurlea. Atzerrira, Alemaniara, egin zuen lehendabiziko bidaia kontatzen du.

Gianni Alemaniara joan zen, Italiako hondartza batean ezagututako Antje izeneko neska baten etxera, hari aldez aurretik ezer esan gabe. Bertan  biziko da, neskaren familia guztiarekin (aita, ama eta neba). 

Etxea izango da istorioa banatzeko baliabideetako bat; alde argiari paradisuko etxea deituko dio Giannik, eta alde iluna, ostera, hiri handia izango da. Kontrajarritako bi eremu horietan batzen ditu liburuak bizitako pasadizo guztiak.

Errukia, miragarritasuna, topikoak, erabatekotasuna, arrazoizko esanak, eskandalua, gaizki ulertuak, kanpotarrekiko errespetua, sexua… Horiek guztiak batzen ditu liburuak baina gertakari zentzugabe horien erdian badu lokarri bat: Gianni eta Antjeren arteko harremana.

Esandako moduan gertakari zentzugabe asko kontatzen dira baina tonu serioa ere erabiltzen du idazleak oroimenaz, gertatutakoaren sinesgaiztasunaz galderak planteatzen dituenean. Bizitza ametsa ote da? Antzezleak ote gara? Horiek dira idazleak tonu serioago batean irakurleari planteatzen dizkion galderak, irakurketan zehar eta bukaeran.

Giovannik egindako bidaia horrek inbidia ere eman dit. Niri ere gustatuko litzaidake horrelako abentura “itsu” batean barneratzea, jende berria ezagutzea, kultura berriak ezagutzea, esperientzia berriak bizitzea… Horrek akaso gehiago kateatuko ninduen.

Liburuaren tonua umoretsua da eta hori da beste liburu autobiografiko batzuetatik desberdintzen duena; idazleak bere buruari barre egiteko agertzen duen ausardia da beste liburu autobiografiko batzuetatik desberdintzen duena. Irakurleari irribarre ugari ateratzen dizkion liburua da.

Istorioaren muinean maitasunezko istorio bat dago, baina ez da maitasunezko istorio tipiko eta aspergarria, Celatik aurkezten duen istorioa desberdina da, istorio original eta dibertigarria alegia, pasadizo umoretsuz betetakoa.

Umorea bai baina baita seriotasuna ere. Idazleak umorea ondo erabiltzen daki baina kontakizun honek irakurleari bizitzari buruzko topiko klasikoez ere hitz egiten dio eta azken horrek barruan zerbait mugiarazten dio planteatzen dituen galderekin batera: bizitza ametsa ote da? antzezle hutsak gara? Zer da bizitza?

Sentsazio onarekin geratu nintzen liburua bukatu nuenean. Liburuak bizitzaren inguruan hainbat ekarpen egin dizkit, hainbat galdera planteatzera eraman nau.

 “Gertatzen den bezala gertatzen da dena. Gertatzen den zerbait da bizitza eta ez dakigu zeren antza duen. Deusen antzik ez duen gauza bat da bizitza.”

Liburuko azken orriko hitz horiekin geratzen naiz eta liburua irakurtzera gonbidatzen zaituztet:

PEREXILA ez zaio falta!

 


Utzi iruzkina: