Blogak, teknologia eta softwareak

perexila 1456152175942 PEREXiLA | 2006-11-23 20:44

Hilaren 8an HUHEZIn gure artean Iban Arantzabal elgetarra izan genuen Blogen munduaren inguruan hitzaldi bat ematen. Arantzabal Goienako telematika alorreko burua da eta bertako multimedia proiektua bultzatzen dihardu gogotsu.

IKOko hirugarren eta lehenengo mailatako ikasleak egon ginen hitzaldian eta harritzekoa bada ere, Areto Nagusian bildutako ikasleen artean batek bakarrik altxatu zuen eskua Arantzabalek blog pertsonalik bagenuen galdetzerakoan… Hitzaldia horrelaxe hasi zen, Arantzabalek ezin sinistu!

Blogen mundua oso handia da, oso zabala eta globala. Munduko edozein txokotan aurki ditzakegu blog bat duen pertsona eta Euskal Herrian ere bai. Blogen mundua Euskal Herrira ere iritsi da, gure Blogosfera pertsonala sortuz; Euskal Blogosfera alegia. Ibanek, horretan zeresan handia izan duen giltza aipatu zuen: teknologia.

Elgetarrak teknologia goraipatu zuen,gaur egungo komunikazioa errazten duela esanez (beti ere desinformazioa ez den heinean!). Hala ere teknologiak dakartzan alde negatiboari ere heldu zion: makinek ezin dute pertsona ordezkatu, ezin dute kazetari bat ordezkatu. Ibanek Edukiari eman zion garrantzia eta ez teknika edo formatuari. Gaietan espezializatu behar garela gomendatu zigun, edukiz hornitzeko. Teknologiaren zulo “beltzean” ez erortzeko gomendio ederrak eman zizkigun.

Hitzaldia gai xelebre batekin bukatu zen:software libreak erabili behar direla bultzatu zuen Arantzabalek, Firefox softwarearen alde dago bera, izan ere, doanekoa da eta euskaraz erabili daitekeena.


Utzi iruzkina: