VIRGILIOREN EULIAREN HILETAK DESGRABATU EGITEN DU

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-07-22 19:19

Nagore Irazustabarrena

BERRIA, 2013-04-21
      
Publio Virgilio Maron (K.a. 70-19) alboan bi musa dituela. Poeta bere maskota bitxiarekin azaltzen den artelanik ez zaigu iritsi.
Publio Virgilio Maron (K.a. 70-19) alboan bi musa dituela. Poeta bere maskota bitxiarekin azaltzen den artelanik ez zaigu iritsi.

Erroma, K.a. I. mendea. Publio Virgilio Maroni maskota hil zitzaion eta poeta ezagunak hileta arranditsua antolatu zion. Gaur egun ere bada maskotari gizakiei baino omenaldi bereziagoa eskaintzen dionik, baina Virgiliorenak, bizirik zen artean, ez zion seguruenik asko lagunduko; izan ere, Eneida-ren egilearen maskota eulia zen.
Intsektuaren hiletak Virgiliok Eskilino muinoan zeukan etxeko lurretan egin ziren, eta hiriko patrizio gailenak eta merkatari aberatsenak bildu omen zituzten. Hileta ereserkiak kantatu eta omenaldi testuak irakurri zizkioten diptero zenduari. Virgiliok berak ere hainbat olerki utzi zion hilkutxa ñimiñoaren ondoan, erostari profesionalen arrantza eta lantu artean. Hilarri bikaina zizelkatu zuten maskotarentzat. Ripley’s Wonder Book of Strange Facts (1957) liburuak jasotzen duenez, hauxe zioen hilarriko idazkunak: “Eulia, kutxa honek argia eman diezazula, eta zure hezurrek (sic) atseden har dezatela”. Virgilioren euliak berezia izan behar zuen zinez –hezurrak zeuzkan intsektu bakarra izateaz gain– halako omenaldi garestia merezi bazuen; 800.000 sestertziotik gora kostatu zitzaion ospakizuna.
Pentsa daiteke eszentrikotasunak eta nabarmenkeriak eraman zutela idazle ezaguna hotsandiko hileta garestia antolatzera. Baina benetako arrazoiak askoz praktikoagoak izan ziren.
Filipiko guduan Julio Zesarren hiltzaileak mendean hartu eta gero, Bigarren Triunbiratuaren kezka nagusietakoa gudu zelaietatik etxera itzultzen ari ziren soldadu beteranoen beharrak asebetetzea zen. Hiritar aberatsenei zergak igo zizkieten eta lurjabeen eremuak konfiskatzea ere erabaki zuten, lursail horiek soldaduen artean banatzeko.
Virgiliok agintarien artean lagun asko izanik, promulgatu baino lehen izan zuen dekretuaren berri, eta xehetasun garrantzitsua ere iritsi zen bere belarrietara: edonolako ehorzketaren edo hilobiren bat zuten lurrak ez zituzten konfiskatuko. Eskilinoko lursailean hilobirik ez eta, inprobisatzea egokitu zitzaion idazleari. Izaki bizidunen bat ehorzteko, hil egin behar zuen lehenik, eta hobe euli bat akabatzea senitarteko bat galtzea baino. Intsektua maite zuela eta omenaldi eder hura merezi zuela sinestarazteko, herri altxorrari iruzur egiteko alegia, 800.000 sestertzio xahutu behar izan zituen. Baina Erromako zazpi muinoetako batean zeukan etxalde ederra ez zuten ukitu.


Utzi iruzkina: