TERENTZIO
Anjel Lertxundi
BERRIA, 2008-VII-20
Lehendabizi latinez ikasi genuen Terentzioren esaldia (homo sum, humanum nihil a me alienum puto), eta azkeneko hitzak barre lotsatua eragin zigun. Lanak eman zizkigun esaldia itzultzeak, baina lortu genuen (gizakia naiz, gizakiaren ezer ez zait arrotz). Ez zigun barre lotsaturik eragin.
Gizakiaren aldeak oro -oinazeak ere barne- badira nireak ere, bale, baina errazagoa da esatea praktikatzea baino. Eta hartan -gazte eta berde ginen artean- konpromisoaren aldarri modernoagoak ere entzun genituen Frantzia aldetik.
Urte asko pasatu da ordutik. Terentziorena ez da aipu fosil bat besterik eta Frantziako aldarri haiek aspaldi hartu zuten nostalgiaren forma.
Kaiuko baten argazkitik hurbil, baina beste albiste eta testuinguru batean, Gustav Mahler musikariaren esaldi bat irakurri dut: «Europa printzipio honen kulpaz hilko da: horrek ez du zer ikusirik nirekin».
Eta Terentzio zaharra ekarri dit gogora.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: