TABERNAN (III)

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-07-13 19:14

BERRIA, 2014-07-11 / Angel Erro

Joaten hasita nagoen tabernan garagardoarekin batera mokadu bat ateratzen didatenean ehuneko txiki baina adierazgarri batean zoriontsuagoa naiz, kezkarik ezetik datorren zoriontasun lausoa, eta Carmina Burana direlako batean abestutakoaz oroitu ohi naiz: In taberna quando sumus / non curamus quid sit hummus. Hau da, «tabernan nagoenean ez naiz kezkatzen zertaz egina dagoen barbantzu edo txitxirio oreaz, sesamo haziez, limoi urez eta oliba olioaz egindako marokoar jatorriko jaki tipikoa, orain gurean pintxo moduan nahikoa modan jarri dena». Buztinezko potexka batean zerbitzatu ohi didate, ogi koskor batzuekin, eta salneurriarekin oso lehiakor ateratzen zaidan ehuneko txiki batean gustura nago hemen.

Egunkariak irakurtzen ditut, ohiko bezeroekin hitz pare bat gurutzatu, betiko lagunei hor jartzen diet hitzordua.

Gaur, nire betiko lagunetako bat ere ez da hitzordura etorri. Ahantziko ziren edo bakoitzak, bere aldetik, izanen zuen zereginik. Kuadrillen arrisku handiena horixe bera da lagun izatearen erantzukizun balizkoa banatzen, barreiatzen eta urtzen dela.

Beste garagardo bat eskatu dut, hau idatzi, zerbitzariak beste hummus potexka bat ekarri dit, eta ondokoarekin hasi naiz hizketan futbolaz, Gazakoaz.


Utzi iruzkina: