Streisand (edo Erostrato) efektua

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2018-08-31 18:26

  • Efeso, K.a 365eko uztailaren 21a. Artemisaren tenplua, Antzinaroko zazpi mirarietako bat, erre eta suntsitu zuten. Erostrato izeneko artzaina epaitu eta kondenatu zuten sutearen erruduntzat. Pertsiar errege Artajerjes III.ak aginduta, torturapean lortu zuten krimenaren aitortza; ospea nola edo hala lortzea omen zen Erostratoren helburua.

ARGIA, 2018ko apirilaren 01a
  
Ezkerrean, Artemisaren  (edo Dianaren) tenplua Efeson, Antzinaroko zazpi mirarietako bat. Eskuinean, Barbra Streisand abeslari eta aktorearen etxea Kaliforniako kostaldean. Itxuraz bi eraikinek ez dute zerikuirik, baina biek lotura estua dute Streisand ef
Ezkerrean, Artemisaren (edo Dianaren) tenplua Efeson, Antzinaroko zazpi mirarietako bat. Eskuinean, Barbra Streisand abeslari eta aktorearen etxea Kaliforniako kostaldean. Itxuraz bi eraikinek ez dute zerikuirik, baina biek lotura estua dute Streisand efektuarekin. (Argazkiak: 7 wonders / California Coastal Records Project)
 

Erregeak berak emandako epaian, erruduna heriotzara kondenatzeaz gain, haren izena aipatzea ere galarazten zen, heriotza zigorpean, ospearen helburua betiko ukatzeko. Valerio Maximo erromatar idazleak ez zuen damnatio memoriae lege hori hautsi, ez zuen supiztailearen izenik aipatu, baina zera iragarri zuen: “Gizon batek Dianaren Efesoko tenpluari su ematea planeatu zuela jakin zen eta, hala, haren izena mundu osoan ezaguna izango zen eraikinik ederrena suntsitzeagatik”. Teoponpo greziar historialariak ere sutearen berri jasoa zuen lehenago eta, gainera, Erostrato aipatu zuen.

Horrenbestez, Valerio Maximoren profezia bete zen eta Erostratoren izena lau haizetara zabaldu zen. Victor Hugo, Anton Txekhov, Lope de Vega, Unamuno, Jules Verne, Jean-Paul Sartre, Gore Vidal... luzea da Erostrato beren lanetan aipatzen duten idazleen zerrenda. Miguel de Cervantesek berak, On Kixote Mantxakoan, Erostratorekin gertatutakoa jaso zuen; ospea bilatzen zuelako ahanzturara kondenatu zutela baina, azkenean, kontrakoa lortu zutela, alegia. Esanguratsua da Cervantesek artzainaren izena jasotzea eta erregea aipatu ere ez egitea.

2003an Barbra Streisand abeslari eta aktoreak, pribatutasunerako eskubidea alegatuz, salaketa jarri zion Kenneth Adelman argazkilariari, bere etxeari airetik egindako argazkiak erretiratzeko eta 50 milioi dolarreko ordaina eskatuz. Adelmanek argudiatu zuen Kaliforniako kostaldearen higadura dokumentatzeko egin zituela argazkiak eta Streisanden salaketak ez zuen aurrera egin. Kontrako efektua lortu zuen gainera, argazkia birala egin baitzen interneten.

Orduz geroztik, Erostratorekin eta beste askorekin gertatutakoei Streisand efektua esaten zaie. Berdin esan zekiokeen Erostrato efektua. Baina egia da, psikiatriaren eremuan, ospea edozein bidetatik bilatzeari Erostrato konplexua esaten zaiola. Torturapean, egia izan ala ez, torturatzaileak nahi duena esateko efektuari, ordea, oraindik ez diote inoren izena jarri. Eta bada non aukeratu.


Utzi iruzkina: