SCRIPTA VOLANT?
BERRIA, Maratila, 2013-02-23
Lucien Etxezaharreta
Verba volant scripta manent, dio latinezko
esaldi zuhurrak: hitzak doatzila eta idatziak gelditzen... Idatzia
galtzekotan dela gure mundu zibilizatuan, horra datu batzuek erakustera
eman lezaketena! Ingalaterran eraman ikerketa batek erakusten du
biztanleen %40k ez duela ezer irakurri iragan sei hilabetetan. Jakina da
aspaldidanik irakurketa apaltzen ari dela, irudiak gaina hartzen duen
arau mende erdi honetan hori nabaritzen da. Ez irakurtzeak ez idaztea
ekartzen du berarekin. Internetekin eta telefonoarekin ere aldakuntza
nagusia da: ia inork ez baitu gehiago idazten gutunik, fakturak ditugu
gure gutunontzien betegailu gehienak... Horretaz tristatzen direnak ba
omen dira. Erantzuna? Har papera eta idazluma zerbait, lagunarteko
lokarri hazterik bada edonon!.
Honi eransten ahal dena da ere
azken denbora hauetan eskoletan umeek zuten eginbide nagusia, idazten
ikastea galtzekotan dela! AEBtako 50 estatuetatik 45etan ez da gehiago
beharrezkoa eskuz idaztea, aski da ordenagailuz baliatzen ikastea, eta
hori haurtzarotik! Eskuz idaztea eta makinaz egitea berdina al da?
Bakoitzak erantzungo du, baina zerbait nagusi galtzen dela sumatzen ahal
da.
Idaztea urrats nagusi bezala kontsideratzen da, hizkuntzaren
asmakizunaren ondoko urratsa baita. Jakintza eta gogoetaren ardatz
nagusi izan da 3.000 urte hauetan. Idaztea, gogoetaren lantzea ere bada,
munduaren eta norberaren marraztea ere. Memoria elektronikoaren
ezabagarritasun arazo larria dela edonon azpimarratzen delarik, eskuaren
baliatzea ere galduko al da? Ez al da hori ere erresistentzi gune
premiazko bat?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: