SANTORINI

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-12-13 18:48

BERRIA, 2009-IX-04

Itxaro Borda

Kontinente urrunetako eskola eta lantegi sartzeak obratuak ditezke engoitik. Hogeita seigarren ikastola baten irekitzeaz gogoetan gabiltza Santoriniko kaldeiraren hegietan, soa lur eta harkaitz ilunetara luzatzen dugunean. Azkenean, telebista pantailetako berrisaila apokaliptikoak baztertzen baldin badira, Kandidak lerrakeenez, dena ongi dabil mundu ahalik hoberenean. Goraintziak Voltaire idazle minberari.

Eskerrak halaber Platon zenari, gaurkoan mirets dezakegun sumendiaren bihotz leherketaren ondorioak hazta ditzakegulakoan Santoriniko Thira herrixkaren oinetan. Alabaina Timea izeneko elkarrizketan Atlantidaren desagertzea aztertzen zuen Sokratesek, Kritias eta Timearekin hain zuzen eraman solasaldian. Atlantidako jendartea ideala zen, Errepublikaren zazpigarren partean filosofoak proposatzen zigunaren antzekoa. Baina perfekzioa ez da mundu honetakoa erants lezake Madonnak.

Geografia bezain historia geologikoa biak beharraren eta abileziaren ernalketaren uztak direla uste dugu xendra lerrosean behera jaistean. Atalanten oroitzapenak bihikatzen ziren garaietan Athena ez zegoen duela bi aste bezala su-mihi suntsitzaileen menpe.

Kronos aitzina doa oraino bere haurrak klikatuz.


Utzi iruzkina: