SAFOREN POEMA BERRIA (2005ean argitaratua eta Erro batelariak itzulia)
Gure Literaturaren geroaz
Eta Saforen poema berriaz, eta gaurko irakurlearen lehentasunez, baina
batez ere gure literaturaren geroaz. Proposamen bat. SAFOREN POEMA
BERRIA
Iaz ikerle batzuek momia baten alboan, edo momia bera biltzen, Saforen poema berri bat aurkitu omen zuten. Pasa den hilean berria ekarri zuten egunkari ia guztiek. Poema osoa bakar batek ere ez, The Times Literary Supplement salbuespen. Poema batek ez du ezer aldatuko. Saforen ekoizpenaren hamarrena gorde bada ere (gainerakoa Inkisizioak erre zuen, behin irakurri nuen nobela historiko batean), gaurko irakurleak gutxi gorabeherako ideia egin zezakeen lirika grekoa zertaz zihoan poema hori gabe. Aurkikuntzak ilusioa egin diezaioke. Kulturagatik, horrela oro har, kultura unibertsalagatik poztuko da. Egunkariek, gainera, ez diote irakurraraziko. Zahartzearen tragediaz omen dihardu. A, bai, zahartzaroa, zein maitagarriak diren atsoak.
Ni neu, adibidez, neure burua tipo kultutzat daukadan arren, poema osoa interneten bilatu eta lagunei euskararatua bidaltzeko lana hartu dudan arren, segituan ahaztu dut asuntoa (Saforen zahartzaro poema gaixoa, berandu iritsi zara festara, ez zaitu Petrarcak , ez Ronsardek moldatuko. Oso jende arinaren esku zaude).
Izan ere, hona ekartzen badut poema eta nire itzulpen sasikoa, asmo espurio samarrarekin izan da: euskal literatura salbatzea.
Baina negozioez mintzatu aitzin, gure izpirituek atsegin ttipia har dezatela.
Loratutako Musa usaintsuen opari maitagarriei
[izan zaitezte sutsu], neskak, [eta] lira ezti argiari:
baina nire gorputz [lehen biguna] gaur zahartzaroak
[du hartu;] nire ilea, iluna beharrean, [urdindu] da;
bihotza zait astundu, nire belaunek ez naute luzez eutsiko,
garai batean oreintxo moduan zalu zirenak dantzarako.
Egoera maiz deitoratua; baina zer egin?
Ez da modurik, gizaki izanda, ez zahartzeko.
Titono behin fabulak dio arrosez armaturiko Egunsentiak,
maitez kolpaturik, munduaren amaierara eraman zuen,
eder eta gazte orduan, baina denboraz adin grisak
gaina hartu zion, emazte hilezkorraren senarrari.
SAPPHO LTD, EUSKAL LITERATURAREN SALBAMENERAKO
Orain hogei bat urte, Atxagak proposatu zuen bide bat, euskal literaturak jarraitu beharrekoa, zegoen atakatik atera zedin, eta mundura ireki. Plagioa. Euskal idazleek jarraitu dugu metodoa, eta barra-barra plagiatu dugu, Atxaga bera batez ere. Baina kanpoko idazleak ere. Nahi izan dugu gure literaturak munduan ziren genero guztiak jorra zitzala, haien ordezkari handienen jarraibidean. Ongi egina. Gurea literatura modernoa, inora burua altxaturik eramateko modukoa.
Hala ere, iruditzen zaigu askori, ez gara iritsi bikaintasun mailara. Horren arrazoiak bilatzera jarrita, argudiatzen zidan italiar batek, demografia eta estatistika ditugu kontra. Estatu Batuak bi mila aldiz gu badira, pentsatzekoa da euskarako jenioa jaiotzerako, hemendik auskalo zenbat mendetara, euskara bera berriz desagertua egotea.
Ni hasi naiz pentsatzen tradizio literario sendoaren faltak ere baduela hor zer esan handia. Gure ikasleek institutuan Bilintx irakurrita zer espero dezakegu.
Duela ez asko, hiru poetarekin afaltzen ari nintzela, konturatu ginen gutariko bakoitzak bertsolerroak neurtzen zituela bere erara. Ez dago tradizio bat jarraitzeko eta batez ere apurtzeko. Nola dezakegu honela?
Euskal literatura salbatuko bada, eta ez naiz itxaropentsuegia, apokrifoen bitartez izanen da. Corpusa osatu beharrean gaude (guk behar dugu eta ez greziarrek!). Eta horretarako inoiz baino prestago gaude. Baina joka dezagun serio. Ez bedi errepika Lazarragaren saio zoritxarrekoa. Eta ez dezagun alderdi literarioa bazter utz, beti bezala, ahalik eta aoristo gehien eta arkaikoenak sartzeko arduratuegiak (nabaria da Joseba Lakarra izan dela apokrifoegilea). Nik eskaintzen dut neure burua, eta seguruenik afariko hiru poetek ere bai, gure letren iragan loriatsuaren mesede, apokrifogintzan laguntzeko.
Hemendik deiadarra egiten diot Miren Azkarate andreari (eta Juan Ramón Corpas jaunari) eta edozein erakunde eskudun edo sekreturi, honetan eskua sar ditzaten lehenbailehen, gaiak behar duen lehentasuna emanez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: